Usurbilgo jaiak

Oilasko biltzaileen bira, gazte egitarauari ekiteko

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 1a, 06:49

Eguna argitu baino lehen herrian barrena abiaturiko oilasko biltzaileek abiaraziko dute gazte mugimenduak Usurbilgo jaietarako antolaturiko ekimenen zikloa. Hasiera ofiziala, ordea, 20:00etan izango da gazte txupinazoaren eta txoznen irekierarekin.

Usurbil jaietan da gaurtik. Festen hasiera ofiziala gaur arratsalderako iragarria dagoen arren, jai giro betean dira, eguna argitu aurretik herrian barrena egingo duten birari ekin dioten oilasko biltzaileak. Festa giroan murgiltzen lehenak izango dira astearte honetan. Gazte mugimenduak uztailaren 6ra arte antolaturiko ekimenetan lehenengoa izango da. 

14:00ak aldera iritsiko dira herri erdigunera. Hasiera ofiziala, ordea, gaur 20:00etarako dute iragarria txoznen irekierarekin batera.

Herri argazkia
Palestinarren aurkako genozidioak ez du etenik. Euskal Herrian Gernika-Palestina herri ekimena ari da bideratzen hainbat ekimen azkenaldian, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. Udako jaietan ere “jaietako testuinguruan eragileak genozidioaren kontrako aktore bilakatzeko” asmoa agertu zuten berriki. Deialdi horrekin bat eginez, Usurbilgo jaietan Palestinaren aldeko herri argazkia ateratzeko hitzordua antolatu du gazte mugimenduak uztailaren 2an 20:30etan, txosnetan. "Lurra, justizia, bakea. Genozidioa stop" aldarripean egingo da hitzordu hori.

Uztailaren 4an ospatuko dute haien egun nagusia; gazte bazkaria antolatu dute eta. Bazkaloste girotua izango dute, azkenaldian geroz eta sarriago egiten den bingo musikatuaren eskutik. Hortik aurrera, Hamarru elektrotxarangarekin kalejiran ibiliko dira herrian barrena.

Ondoezik bueltan
Elektrotxarangen formulak ere arrakasta itzela du. Festa hauetan, Hamarru taldeaz gain, maiatzaren amaierako Ziortzaren 40. urtemuga jaialdian estreinako emanaldi txalotuaren ondotik, bigarren kontzertua eskainiko dute festa hauetan; Ondoezik taldeari buruz ari gara. Santixabel egunean, Palestinaren aldeko herri argazkiaren aurretik hasiko dira girotzen txosnagunea, oraingo honetan, “kocktail tropikalarekin” iragarri dute saioa.

Gauetarako ere musika eskaintza zabala iragarri dute. Hasteko, etxekoen aldeko apustua egin dute gaurko bertsio gauarekin. Izan ere, herri sorkuntza oholtzaratuko dute festen lehen parranda gauean. Denetariko abeslari eta musikariak, elkarrekin nahasian goizaldera arteko emanaldi ederra osatuko dute, azken urteotan harrera jendetsua izan duena. Taldeen zerrenda ezagutzera eman dute: Gei Zazpi, Gu Be Lo, Mac Donals, Pedrata, Watxiturrak, Rotten Pott, Ximona ta Dolox, Bugati, Eztena, Ze Haiaiz?, Autosüne, Mehatxu Itxua, Bendettak, A Kapela, Katolikos, Zeonak, Ibili Joe!, Duplu (De Un Pueblo Llamado Usurbil)...

Hortik aurrera, estilo ezberdinetako taldeak tartekatuko dira aste osoan zehar. Uztailaren 6ko Dema plazako azken trakarekin borobilduko dira ofizialki festak, baina azken hitzorduari txosnagunean egingo diote tokia; nahi duenak abesteko aukera izango du karaokean.


Usurbilgo jaiak
Gazte egitaraua
Uztailak 1, asteartea
• 06:00 Oilasko-biltzaileen gosaria eta irteera txosnetatik.
• 14:00 Oilasko-biltzaileen itzulera eta bazkaria.
• 19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera, Ziortza eta Zumarteren eskutik.
• Ondoren, herri kalejira buruhandi eta erraldoiekin eta Jaixkipe txarangarekin.
• 20:00 Gazte txupinazoa eta txosnen irekiera.
• 22:00 Erromeria frontoian: Laket.
• Ondoren, Bertsio Gaua txosnetan.

Uztailak 2, asteazkena
• 18:30 Ondoezik elektrotxaranga kocktail tropikalarekin, txosnetatik abiatuta.
• 20:30 Palestinarren aldeko herri argazkia txosnagunean.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Naxker, Ganibet eta Dj Fifi eta Fefa.

Uztailak 3, osteguna
• 18:30 Poteo elegantea txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Txanpain topa txosnetan. Argazki txokoa egokituko dute hitzordu horretan.
• 20:30 Erromeria frontoian: Bide Batez.

Uztailak 4, ostirala
• 14:30 Gazte bazkaria txosnetan. Ondoren, bingo musikatua.
• 18:00 Hamarru Elektrotxaranga txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Tapia eta Leturia frontoian.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Sustrai berriak, Mirua eta Zer Dj-a.

Uztailak 5, larunbata
• 12:00 Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan, Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 18:00 Mugi panderoa erromeria txosnetan.
• 23:00 Kontzertuak frontoian: Viafara eta Janus Lester.
• Jarraian, txosnetan: La Txama eta Fantasia Dj.a.

Uztailak 6, igandea
• 07:00 Kita del Pare txaranga txosnetatik abiatuta.
• Ondoren, gaupaseroen argazkia.
• 18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen-ematea, 18:00etan).
Oharra: ahal bada, paellerak eta suak etxetik eramateko deia egin du antolakuntzak.
• 23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
• 00:30 Karaokea txosnetan.