Usurbilgo jaiak

Badatoz buruhandi berriak, haien estreinako plazaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 1a, 09:11

Lauburu Usurbilgo Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa berritu eta handitua aurkeztuko digute gaur, arratsaldeko 19:00etan txupinazoan, udaletxe atarian. Segidan, desfilatzen ikusiko ditugu estreinakoz, herri kalejiran.

Ezusteko bat baino gehiago izango ditu aurtengo Usurbilgo jaien hasierak. Izan ere, gaur arratsaldeko 19:00etan ospatuko den txupinazoa ikusmina sortzen ari da arrazoi ezberdinengatik. Lehenik eta behin, 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak jaurtiko du uztailaren 6ra arte herri hau ospakizun betean murgilaraziko duen suziria udaletxeko balkoitik.

Hitzorduak, ordea, osagai gehiago izango ditu, ezusteko moduan, gainera. Albiste honi atxikitako irudikoak izango dira beste protagonistak; Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak. Duela aste batzuk iragarri moduan, berritua, handitua eta indartua dator, Usurbilgo Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu ostean.

Ikusmin handia eragin dute Lauburuk eta Udalak hitzarmen sinatze horretan duela aste batzuk eginiko iragarpenak. Izan ere, sei buruhandi berri izango ditu konpartsak aurrerantzean. Lehenbiziko aldiz, astearte honetan, uztailaren 1ean arratsaldeko 19:00etan agertuko dira udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazara.

Nolakoak diren, zer itxura izango duten orduan ezagutuko duzue, baina zenbait xehetasun aurreratuak dituzte. Lauburukoen esanetan, "urte luzez buruan izan dugu, nola herrian irudiok herriko ordezkari ere izan behar dutela, nolabait gure sentitu behar ditugula". Ildo horretan, aurreratu dutenez, "esan dezakegu Usurbilgo giza jarduera zein animalia bereizgarriaren irudiak direla eta nolabait, badirela herriko ondare etnografikoaren isla".

Badatoz
Bestalde, Udalak eta Lauburuk duela aste batzuk sareraturiko bideoan zenbait pista ere aurreratu zituzten. Albiste honi atxikia duzuen bideoa adi ikusi, baina adiago entzun. "Ba al zenekiten badirela gure herrian txoko txiki ezberdinetan ezkutatzen diren pertsonaia magiko eta misteriotsuak? Suziri hotsak aditzean erraldoiekin kalean gora eta behera abiatzen direnak?" esanez entzun daiteke ikus-entzunezko lan horretako narratzailea. Bitartean, ikusgai dituzue herriko txoko ezberdinetako irudiak pista gisara eta baita buruhandi berrien sorkuntza prozesuarenak ere.

"Mutur, begi eta adar handikoak batzuk, letagin zorrotz eta belarri tentekoak besteak... inoiz norbaitek ikusi izan dituenaren zurrumurrua dabil kaleetan". Eta laster, gaur bertan, herriko plazan.

Aipatu moduan, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldian ikusiko dituzue estreinako aldiz.

Konpartsa jai guztietan
Baina badira Lauburu konpartsari lotutako nobedade gehiago ere. Kalezarko festetan egin bezalaxe, hemendik aurrera, Usurbilgo jaietan soilik ez, auzoetako festetan ere egun batez gutxienez, Lauburu konpartsako erraldoi eta buruhandiak plazaratuko dituzte.