Bero boladako azken eguna gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 1a, 07:27

Abisu horian segiko dugu gaur tenperatura altu iraunkorragatik. Egunotako bero boladako azken eguna izango da, ordea, astearte honetakoa.

Igandeaz geroztik bero sapagatik abisu horian gara. Halere, iragarpenen arabera, gaur amaituko da. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, hirugarren egunez abisu horian segiko dugu tenperatura altu iraunkorragatik. Baina gaur amaituko da bero bolada hau.

Astearte honetan, uztailaren 1ean, Euskalmet-en arabera, "goiz-lanbroa" izango dugu Usurbilen. "Hauts-gandua ager daiteke, bereziki goizean. Zerua hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin; egunaren erdiko orduetan hodeitza txikitu eta zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua geratuko da. Goizean goiz norabide aldakorreko haizea ibiliko da. Arratsaldean iparraldera egingo du, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Aldaketa dator asteazkenean, uztailaren 2an. "Zerua oso hodeitsu edo estalia egongo da, behe-hodeiekin. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin eta bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Ostegunean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Noizean behin euri txikia edo zaparradak egingo ditu; trumoi-ekaitzak izan daitezke. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.