Iragarria zuten moduan, berriz itxiko dute N634 errepidea, tren geltoki berriko lanak tarteko. Oraingo honetan, gau bakar batez izango da eta ordubete inguruko tartean. Astearte gau honetan, uztailaren 1ean, 22:30-23:30 artean itxi egingo dute udalerri hau zeharkatzen duen errepide nagusia Etxealdia parean. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "tren geltokiko zubiaren zoruko hormigoia" bota behar dute.
Aurreikusi moduan, ekainaren 3an jarri zuten Etxealdiako zubi berria. Horretarako, segurtasuna bermatzearren, N634 errepidea itxita zen bezperan, gau partean. Orduan, trafiko etenaldi gehiago izango direla jakinarazi zion Eusko Trenbide Sareak Usurbilgo Udalari. Izan ere, "zubiaren zoruko hormigoia bota eta pasabideari lotutako lanak amaitzeko" beharrezkoa izango da errepide hau ixtea.
Nasa berria uztailerako prest
Berriki, Eusko Jaurlaritzatik Usurbila eginiko bisitan iragarri zutenez, beranduenez jota, 2026. urte hasierarako martxan egon daiteke Usurbilgo tren-geltoki berria, baldin eta garaiz amaitzen badira eraikitze lanak. Lanok "martxa onean" doazela berri eman zuten. Orduan iragarri zuten moduan, "tren-geltokiko hegoaldeko nasa berria ere laster jarriko da martxan: ETSren aurreikuspenen arabera, uztailaren 11tik 13rako asteburuan izango da hori. Eguna gerturatu ahala, seinaleak jarriko dituzte aldaketaren berri eman eta behin-behineko sarbide berria non izango den adierazteko".
Abuztuan, San Esteban kaleko urbanizazio lanen bigarren fasea
Etorkizuneko geltoki berria irisgarria izango da, eraikiko duten Etxealdiako zubi berria igogailuen bidez komunikatua egongo baita geltoki berriarekin eta Atallu aldearekin. Izan ere, orain arteko trenbideko pasabidea ezabatu eta N634 errepide gaineko zubi berria Atalluraino luzatuko dute. Zubi horretara herri erdigunetik, San Esteban kaletik behera heldu ahalko gara orain arte bezala.
Kale honen lehen urbanizazio lanak gauzatuak daude, baina zubi horretatik gertuen dagoen eremua egokitu eta urbanizatzea geratzen da. "Udala eta ETS elkarlanean ari dira, elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk".