Usurbil festetan ofizialki 19:00etan murgilduko den arren, egunotako prestaketekin baina batez ere, albiste honi atxikitako irudietako oilasko biltzaileekin, ospakizun giro betean da jada. Eguna argitu aurretik abiatu dira herrian barrena egindako birara. Abiapuntu izandako txoznagunea izan dute helmuga eguerdian. Ordu luzeetako kalejira, dantza bizian amaitu dute Bordatxo pareko biribilgunean.
Ibilgailuak ere "haienganatu" dituzte. Egunerokotasuna eten eta ibilgailuen joan etorrietarako bide nagusietakoa den eremua ere festaz blaitu dute, ikurriñarekin eta aurten, berebiziko esanahaia duen palestinar bandera eskuartean zituztela.
Trikitilari eta panderojoleen erritmora egin dituzte azken dantza saioak aipatu biribilgunearen bueltan, talde argazkia atera aurretik.
Gazte mugimenduak uztailaren 6ra arte antolaturiko ekimenetan lehenengoa izan da oilasko biltzaileena. Hasiera ofiziala, gaur 20:00etan emango diote txoznen irekierarekin batera.
Herri argazkia
Palestinarren aurkako genozidioak ez du etenik. Euskal Herrian Gernika-Palestina herri ekimena ari da bideratzen hainbat ekimen azkenaldian, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. Udako jaietan ere “jaietako testuinguruan eragileak genozidioaren kontrako aktore bilakatzeko” asmoa agertu zuten berriki. Deialdi horrekin bat eginez, Usurbilgo jaietan Palestinaren aldeko herri argazkia ateratzeko hitzordua antolatu du gazte mugimenduak uztailaren 2an 20:30etan, txosnetan. "Lurra, justizia, bakea. Genozidioa stop" aldarripean egingo da hitzordu hori.
Uztailaren 4an ospatuko dute haien egun nagusia; gazte bazkaria antolatu dute eta. Bazkaloste girotua izango dute, azkenaldian geroz eta sarriago egiten den bingo musikatuaren eskutik. Hortik aurrera, Hamarru elektrotxarangarekin kalejiran ibiliko dira herrian barrena.
Ondoezik bueltan
Elektrotxarangen formulak ere arrakasta itzela du. Festa hauetan, Hamarru taldeaz gain, maiatzaren amaierako Ziortzaren 40. urtemuga jaialdian estreinako emanaldi txalotuaren ondotik, bigarren kontzertua eskainiko dute festa hauetan; Ondoezik taldeari buruz ari gara. Santixabel egunean, Palestinaren aldeko herri argazkiaren aurretik hasiko dira girotzen txosnagunea, oraingo honetan, “kocktail tropikalarekin” iragarri dute saioa.
Gauetarako ere musika eskaintza zabala iragarri dute. Hasteko, etxekoen aldeko apustua egin dute gaurko bertsio gauarekin. Izan ere, herri sorkuntza oholtzaratuko dute festen lehen parranda gauean. Denetariko abeslari eta musikariak, elkarrekin nahasian goizaldera arteko emanaldi ederra osatuko dute, azken urteotan harrera jendetsua izan duena. Taldeen zerrenda ezagutzera eman dute: Gei Zazpi, Gu Be Lo, Mac Donals, Pedrata, Watxiturrak, Rotten Pott, Ximona ta Dolox, Bugati, Eztena, Ze Haiaiz?, Autosüne, Mehatxu Itxua, Bendettak, A Kapela, Katolikos, Zeonak, Ibili Joe!, Duplu (De Un Pueblo Llamado Usurbil)...
Hortik aurrera, estilo ezberdinetako taldeak tartekatuko dira aste osoan zehar. Uztailaren 6ko Dema plazako azken trakarekin borobilduko dira ofizialki festak, baina azken hitzorduari txosnagunean egingo diote tokia; nahi duenak abesteko aukera izango du karaokean.
Usurbilgo jaiak
Gazte egitaraua
Uztailak 1, asteartea
• 19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera, Ziortza eta Zumarteren eskutik.
• Ondoren, herri kalejira buruhandi eta erraldoiekin eta Jaixkipe txarangarekin.
• 20:00 Gazte txupinazoa eta txosnen irekiera.
• 22:00 Erromeria frontoian: Laket.
• Ondoren, Bertsio Gaua txosnetan.
Uztailak 2, asteazkena
• 18:30 Ondoezik elektrotxaranga kocktail tropikalarekin, txosnetatik abiatuta.
• 20:30 Palestinarren aldeko herri argazkia txosnagunean.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Naxker, Ganibet eta Dj Fifi eta Fefa.
Uztailak 3, osteguna
• 18:30 Poteo elegantea txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Txanpain topa txosnetan. Argazki txokoa egokituko dute hitzordu horretan.
• 20:30 Erromeria frontoian: Bide Batez.
Uztailak 4, ostirala
• 14:30 Gazte bazkaria txosnetan. Ondoren, bingo musikatua.
• 18:00 Hamarru Elektrotxaranga txosnetatik abiatuta.
• 20:00 Tapia eta Leturia frontoian.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Sustrai berriak, Mirua eta Zer Dj-a.
Uztailak 5, larunbata
• 12:00 Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan, Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 18:00 Mugi panderoa erromeria txosnetan.
• 23:00 Kontzertuak frontoian: Viafara eta Janus Lester.
• Jarraian, txosnetan: La Txama eta Fantasia Dj.a.
Uztailak 6, igandea
• 07:00 Kita del Pare txaranga txosnetatik abiatuta.
• Ondoren, gaupaseroen argazkia.
• 18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen-ematea, 18:00etan).
Oharra: ahal bada, paellerak eta suak etxetik eramateko deia egin du antolakuntzak.
• 23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
• 00:30 Karaokea txosnetan.