Usurbilgo jaiak

"Arindu burua eta aurten inoiz baino gehiago, argitu bihotza!"

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 2a, 08:14

Herritik herriarentzat eginiko festak goraipatzeaz gain, jaietako aurtengo berrikuntza aurkeztu du Usurbilgo alkateak, jaiak abiarazteko ekitaldian.

Hala da. Sei buruhandien aurkezpenarekin eta Zumarte zein Ziortza omenduko zituztela iragartzearekin batera, aste hasiera honetan jakinarazi da beste ezusteko bat ere izango zuela herriko jaien hasiera ekitaldiak. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak berak eman du ezagutzera, txupina jaurti aurretik, udaletxeko balkoitik plaza bete jende aurrean zuela.

Astelehen goizean Potxoenea atarian jarritako Jokin Eizagirre herrikideak ondutako maskotari lotutakoa da berrikuntza. "Aurten, koadrodun zapia janzteaz gainera, maskotak deia egin digu paparrean ipurtargitxoak jartzera". Maskota tamaina txikian irudikatzen duen pinak banatzen aritu dira jaien hasiera ekitaldian. Baina adi, zurea eskuratu ez baduzu, tabernetan jaso ahalko duzu. Horregatik, alkateak adierazi duenez, jaiotan "arindu burua eta aurten inoiz baino gehiago, argitu bihotza!".

"Ondo pasa, baina pasatu gabe"
Gainerakoan, beste urte batez jaiak heldu diren honetan, festez gozatzeko gonbita egin du Solaberrietak. "Ondo pasa, baina pasatu gabe", halere, "errespetuz joka dezagun. Herri honetan ez ditugu jarrera edota eraso matxistarik, eraso homofoborik edota eraso arrazistarik onartuko. Pertsona orok du eskubidea festaz askatasun eta segurtasun berean gozatzeko eta hori bermatzea eta errespetatzea denon betebeharra da, gure identitatea, adierazpena, adina, jatorria, gorputza edota gure sexu orientazioa edozein dela ere. Horregatik, balioan jarri nahi dut, azken hilabete luzeotan, gazte mugimenduak, Kafe Tertuliak herriko hainbat eragileek edota herrietako auzoetako edota Santixabeletako batzorde guztion artean osatu dugun sexu erasoen kontrako protokoloa. Mezua argia da; eraso matxista baten lekuko bazara, entzun, ez epaitu eta babestu". 

Txalotu nahi izan ditu, bestalde, jaioz gozatu ahal izateko aurreko hilabeteotan auzolanean jardundakoak, jai batzordeko kideentzat alegia. "Aurten ere egitarau bikaina osatu dute adin eta gustu guztietara egokitutakoa, festek ez dutelako adinik. Bada nabarmentzekoa, aurten ere festa zaintzaileagoak, inklusiboagoak egiteko egin duten ahalegina. Benetan herritik herriarentzat egindako festak, aupa zuek!".