40 urteotako ibilbidearen aitortza, eginiko lana nabarmentzetik hasi eta azkenerako, herrigintzari berari egin diote gorazarre. Bi herri eragile izan dira aurtengo omenduak Usurbilgo jaien astearte honetako, uztailaren leheneko hasiera ekitaldian; Zumarte Musika Eskola eta Ziortza Gazte Elkartea. Biek ala biek 40 urte bete dituzte, azken hilabeteotan ospatu dute urtemuga.
"Ohore handia da hemen goian egoteko aukera izatea, batez ere ikasturtea eta gure 40. urteurrena borobiltzeko aukera dugulako", adierazi dute omenduek, udaletxeko plaza bete duten herritarren aurrean eraikineko balkoi nagusitik.
Opari moduan jaso dute jaiak abiarazteko aukera izatea, baita Santixabel eguneko soka-dantzan parte hartzeko gonbita ere. "Sekulakoa da herriarengandik halako aitortza jasotzea", nabarmendu dute. Izan ere, "lan handiko urtea izan da aurtengoa", gogorarazi dutenez. "Gure elkarteen 40. urtemuga ospatzeko asmoz, ekintza ugari antolatu ditugu".
Elkarri aitortza
Ziortzako eta Zumarteko ordezkaritza txiki bat izan da udaletxeko balkoian, baina pentsa dezakezuenez, askoz bidelagun gehiago izan dituzte berrogei urteotan. "Hemen gutxi batzuk bagaude ere, ibilbide luze honetan ehunka izan dira elkarteetan bidelagun izan ditugunak. Ez ginateke hemen egongo zuetako bakoitza gabe, beraz, mila milesker".
Hortik aurrera, elkarren aitortza ariketa ederra egin dute bi omenduek; Ziortzak Zumarteri zuzenduriko aitortza, Zumartek Ziortzari eskainitakoa. "Zumartekoentzat ohorea da Ziortzarekin une hau partekatzea. Eskerrik asko Ziortza, auzolanetik, sinpletasunetik, maitasunetik eta umoretik aisialdia sortzeagatik. Herriko gazteak sinpletatsunetik handi bilakatzen dituzue, balore oso politak bultzatuz, urteko ekintzekin, txikienekin antolatutako elkarbizitzekin, udalekuekin. Herriko gazteak mugimenduan eta elkartasunean mantentzen dituzue eta herriko etorkizunari begira opari ezinhobea da. Beraz, esker hitzak besterik ez dizkiegu eskainiko Ziortza Gazte Elkarteari".
Ziortzakoen txanda izan da gero. "Ohore handia da Zumarterekin batera une hau partekatzea. Zumarte barruko horma artean 0 urtetik 75 urtera arteko hainbat herritarrek musika hezkuntza jasotzeko aukera dute, instrumentuekin gozatu eta elkarrekin musika taldeetan parte hartuz. Usurbilgo kaleak musikaz betez, urtean zehar gertatzen diren hainbat ekitaldietan ikus daitezke , bejondeizuela!", txalotu diote elkarri.
"Zuengatik eta gugatik. Eskerrik asko denei"
Txalo horiek ordea, gainerako herri eragileei helarazi nahi izan dizkiete. Oroitarazi dutenez, "ez gara herriko eragile bakarrak. Herriak bizia badu, herria hau martxan mantentzeko hainbat herritar talde lanean dabilelako da. Lan ikusezina da, ezkutukoa, bilerak, deiak, eskaerak, antolaketa, porrotak eta pozak. Laburbilduz, lan izugarria guztion artean herri hau bizi mantentzeko".
Horregatik, gogorarazi nahi izan dutenez, "Ziortza eta Zumarte gaude balkoi honetan, baina ezin dugu aukera galdu herriko gainerako eragileei ere ohore hau zabaltzeko: Orbeldi, Sagardo Egunaren Lagunak, Eliza Zaharra Elkargunea, Aztarrika, Kulturgunea, Emakumeen Etxea, Xauxar txozna batzordea, auzo guztietako jai batzordeak, kantu jira, Mundualdia, Uxueren Lagunak, guraso elkarteak, Erle Lagunak elkartea, Kafe Tertulia, Lauburu konpartsa eta beste hainbat eta hainbat gehiago. Ez genuke inor ahaztu nahi".
Amaitzeko, etorkizunean kultur eragileak nahiz aisialdikoak elkartuko dituen Arrobitxulo bilgunea hartu dute ahotan. Horregatik, "lehen suziri hau herrigintzan lanean dabiltzan guztientzat da, zuengatik eta gugatik. Eskerrik asko denei".
Eskertza eta zorion mezu bikoitza
Bi omenduek hitza hartu aurretik, Usurbilgo Udalaren izenean, alkatearen partetik "eskerrik beroena" jaso dute, berrogei urteotan egindako lanagatik.
Batetik, Ziortza goraipatu du Agurtzane Solaberrieta Mesak, "gazteentzako duen proiektua, euskaratik eta euskaraz osatutako aisialdiko proiektu hezitzailea, herritarra, balio sendoetan oinarritzen dena, eta gazteei harremanak lantzeko, elkar ezagutzeko, elkarrekin ondo pasatzeko eta auzolanean aritzeko aukera bikaina eta aukera anitzak eskaintzen dizkiena. Zenbat une eder eta esperientzia aberasgarri bizi ote ditugun gutako askok Ziortzari esker, izan ostiraleko talde dinamiketan edota Peñaloscintoseko kanpaldian".
Berrogeigarren urtemugara "sasoiko eta indartsu" heldu dela nabarmendu du, bere esanetan, hein handi batean, "Ziortzak duen begirale eta bolondres sare handiari esker. Bejondeizulea gazteak!".
Ildo beretik mintzatu da baita alkatea, Zumarte Musika Eskolari buruz ere. "Ez dira gutxi ere urte luze hauetan Zumarterekin lotura izan duten herritarrak. Ikusi besterik ez dago herri honetan dagoen musika sorkuntza, herri honetan dauden musikari ekintzaile apartak edota musikari talde ugariak, abeslariak". Jaietako Bertsio Gaua aipatu du alkateak adibide moduan. Baina "hori guztia ez da zori kontua, horren guztiaren atzean Zumarte dago. Zumartek urte luzeetan egindako lanaren arrastoa eta emaitza da, Zumarte ez baita eraikin baten barneko musika irakaskuntzara mugatzen den eskola bakarrik. Hori ere bada noski, baina Zumartek herri dimentsioa du, egitasmo bizia da gure herriari musikaz gozatzeko aukera eman eta gure herriko plaza, kale edo edozein ekitaldi musikaz blaitzen duen egitasmoa da. Gainera, sarri askotan beste eragile askorekin elkarlanean. Zuei ere milesker eta zorionak Zumarteko familia osoari".