Usurbilgo jaiak

Lauburuko kide berriei ongi etorri beroa eman diete

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 2a, 08:10

Festen hasiera ekitaldian aurkeztu dituzte jendaurrean estreinakoz, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako sei buruhandiak.

Duela hilabete iragarri zutenetik zain-zain ziren herriko gaztetxoenak eta helduagoak ere bai. Usurbilgo Udalak eta Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak ekaina hasieran lankidetza hitzarmena izenpetzeko ekitaldiaren baitan, iragarri zuten sei buruhandi berri izango zituela. Iragarpena berehala plazaraturiko bideo bidez berretsi zuten. Berehala sortu zen ikusmina eta ikusmin hori handitzen joan da asteotan.

Uztailaren lehen egunerako, festen hasierarako zuten iragarria sei buruhandi berri horien plazaratzea. Zenbait pista emanak zituzten, herri nortasunari lotutakoak izango zirela. Buruhandi eder askoak sortu dituzte. Festen hasiera ekitaldian, txupinazoan ikusi ahal izan dituzte lehenbiziko aldiz. Irrika biziz gainera, etenik gabeko oihu eta txalo artean hartu dituzte.

Seikotea
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak festei hasiera emateko hitza hartu berritan eman nahi izan die ongi etorri beroa, banan-bana buruhandi berri hauei. Izendatu ahala agertu dira jendartera, udaletxeko sarrera nagusitik. Ondoko irudietako seikotea da hain zuzen, jada aurtengo jaietako izar bilakatu direnak, hiru animalia eta hiru ogibide irudikatuko dituztenak guztira; aharia, basurdea, oilarra, errotaria, anguleroa eta arotza.

"Konpartsa handitu egin da", alkateak nabarmendu moduan eta ildo horretan eskerrak helarazi nahi izan dizkio Lauburu konpartsari,  "herri ondare hau zaindu eta babesteko egiten duten lanagatik. Aupa zuek!".

Gogoan izan, Udalak eta Lauburuk hitzarturiko lankidetza hitzarmenaren baitan adostua dutenez, Usurbilgo jai hauetan lau irteera egingo dituzte buruhandi berriokin. Konpartsak, gainera, aurrerantzean, Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan ere parte hartuko du.