Azken urteotan sendotzen joandako bi txupinazo izaten dituzte Usurbilgo herriko jaiek. Dakizuen moduan, batetik, udaletxetik jaurtitzen dena eta ordubete geroago gazte txupinazoa izaten da txoznen irekierarekin batera. Jaien hasiera ekitaldi bikoitz honen tartean, duela urte batzuetatik kalejira bat ospatzen da Usurbilgo erdiguneko kaleetan barrena, herri izaera nabarmena izatea nahi izan duena eta urtez urte parte hartze aldetik indartzen doana.
Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien konpartsak parte hartu ohi du urtero, musikariek eta haiengana batzen diren herrikideek. Aurtengoak bi berritasun izan ditu, biak ere nabarmendu beharrekoak. Izan ere, estreinakoz Orbeldi dantza taldekoak izan ditu bidelagun hitzordu horrek; ez, ordea soilik kalejiran bertan. Geltokietako batean, lehenengoan, Olanoeneko plazan dantzan ere aritu baitira. Eta gero, kalejiraren ostean, frontoian eskaini dute urteroko jaietako emanaldia.
Haien aurretik, gauza bera egin dute erraldoiek ere. Bidean zehar egin bezalaxe, geltokiotan ere dantzan gogo biziz aritu dira.
Festetako izarrak
Halere, gaurkoan, ikusmin itzela eragin dutenak, erraldoien konpartsa bereko sei buruhandi berriak izan dira. Estreinakoz, festen hasiera ekitaldian jendaurrean aurkeztu ostean, herri kalejiran parte hartu dute lehenbiziko aldiz. Lasterka biziak eragin dituzte, ahariak, basurdeak, oilarrak, errotariak, anguleroak eta arotzak. Haiek dira aurtengo jaietako lagun berriak, festetako izarrak, estreinakoz gaurkoan lehen aldiz herrian barrena desfilatu dutenak.
Udaletxe aurreko plazan hasitako ibilbideak Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea edota Mikel Laboa plaza eta Irazu kalea zeharkatu ditu, jaien hasiera ekitaldia girotzen jardundako Jaixkipe txarangako kideekin edota txistulari taldekoekin.