Usurbilgo jaiak

"Denon bizitzak defendatzeko prest dagoen belaunaldia gara, faxismoa lurrazpira eramango duena"

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 2a, 08:12

Trump, Meloni, Netanyahu, Abascal, Milei... gonbidatu edota hilkutxan eramandako Franco bera ere berpiztu du Usurbilgo gazte mugimenduak festei hasiera eman eta txoznagunea irekitzeko astearte honetan Mikel Laboa plazako oholtzan eginiko ekitaldian.

Ikusmina eragin du eta ikus-entzuleen artean ez da izan aurreko urteetako txalo zaparradarik, txistu hots ugari baizik. Izan ere, plazaratu duten parodiak bizi dugun garai latza irudikatu du; berriz ere, faxismoa nola indartzen ari den, gorroto ideiak zein erraz barreiatu eta barneratzen ari diren...

Hori guztia ezin egokiago ordezkatzen duten mundu mailako agintariak gonbidatu dituzte Mikel Laboa plazako jaietako oholtza gaineko "goi-bilerara". Albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezuenez, harro asko hartu dute lekua oholtza gainean aipaturiko, Italia, Argentina, Israel edota AEB-ko agintariek nahiz Franco berpiztuak.

Koplatan ere entzun ditugu, guztiak euskaraz.

"Jopuntuan gaude"
Segidan etorri dira, plazaratu nahi izan duten antzezpen ikusgarriari lotutako azalpenak. "Etorri dira berriz otso beltzak, haginak zorrotz eta motozerra hortz  berriekin. Pozoia sartzen ari dira sustraietan, enborra usteltzeraino, azken hostoa hiltzeraino. Aurrerapen ekonomikoaren izenean, ustezko oparotasunaren aitzakipean, esan dizute zure ondoko atzerritarrak lana kendu edo etxea okupatuko dizula. Edota esan dizute zubi azpian hotzaren beldur bizi den etxegabea zure bulebarreko paseo lasaiarentzat mehatxua dela".

Emakumeak ere aipatu dituzte, "beraien gorputzaz ezin erabaki dezakete, gizonak baitira zuen jabe. Eta jarrai genezake hariari tiraka, mutur batetik bestera, denon bizitzak zeharkatzen ditu eta. Zoritxarrez lau gizon zuri kobartadun besterik ez dira libratzen otsoaren harrapakin izatetik", salatu du gazte mugimenduak.

Testuinguru honek argi uzten duenez, "jopuntuan gaude euskaldunok, emakumeok, langileok, atzerritarrok".

"Batuta, elkartuta, indartsuagoak gara"
Egunerokoan suma dezakegun moduan, "bai, indartsuak dira, baina ez dugu ahaztu behar gu garela gehiengoa, gu garela herria eta beraiek dira gutxiengoa".

Horregatik, gazte mugimendutik nabarmendu dutenez, "duela 50 urte faxistek fusilatu zituzten Txikiren eta Otaegiren belaunaldiak egin zuen hautu berbera dagokigu gaurko gazteoi. Duela 50 urte fusilen bidez isildu nahi izan zuten herri baten aske bizi nahia baina ez, ez zuten lortu, inondik inora ere ez".

Mende erdi geroago, "hemen jarraitzen dugu bizirik, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri baten defentsan zutik eta tinko. Batuta, elkartuta, indartsuagoak gara eta aurrean dugun otsoari aurre egiteko altxatuko gara. Denon bizitzak defendatzeko prest dagoen belaunaldia gara, faxismoak egon behar duen lekura eramango duena, lurrazpira".

Izan ere, gogorarazi dutenez, "faxismoa inoiz baino ageriago dago gaur egun. Gaitz baten moduan, gizartearen erraietan sartzen ari dira beraien gorroto mezua, beraien morroi bilakatu nahi gaituzte. Sinestarazi nahi digute gizartea eratzen duten talde sozial zaurgarrienak direla mehatxua guretzat, miseriatik ihesean datorren atzerritarra, besterik ezean umea edukitzera behartua izan den ama, kalea etxetzat duen etxegabea, edota Palestinan gosez hiltzen ari den umea".

Garai batekoak ez bezala, "egungo faxistak ez datoz gure herrira fusila eskuan. Urrunetik gure kontzientziak usteldu nahi dituzte".

"Ezikusiarena egitea ez da aukera bat"
Panorama horretan, "gizatasuna saltzeko prest bagaude, zertan bihurtzen gara gu? Sarraski basatienen aurrean begiak itxi eta gure zilborrari begiratuz, aurrera goazela uste al dugu?", galdetu dute.

Ohartarazi dutenez, "gorrotoaren ideien gorakada ikaragarri baten aurrean gaude eta ezikusiarena egitea ez da aukera bat". Horregatik, "txikitasunetik hastea" proposatu dute; "ondokoari begiak irekitzetik, zaurgarrienak babestetik eta denon artean denontzako herri bizigarri bat eraikitzetik bidea egiten. Denon ardura da faxismoaren ideia erreakzionarioak lagunartetik, familiatik, ikasgelatik eta lantokitik kanporatzea. Honek hautu pertsonal zein kolektiboa izan behar du".

Zaintza eta babes espazioak ezinbestekoak
Oldarraldi horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo du Usurbilgo gazte mugimenduak "babesten, zaintzen eta errespetatzen gaituen espazioak sortzea, euskara oinarri eta gizarte justuago eta berdinzaleagoa ardatz izango duen herria eraikitzea".

Ildo horretan lanean dihardutela adierazi nahi izan diete herritarrei. "Gazte antolakuntza eta borroka beharrezkoak dira" eta hain zuzen, une horretan ireki berri duten txoznagunea horren islada dela nabarmendu dute.

Ondorioz, jaiak amaitu artean, "hurrengo egunetan espazio feminista, euskalduna, antiarrazista eta antifaxista bilakatuko da Mikel Laboa plaza denon gozamenerako", iragarri dutenez.

Gogorarazi dute, jaiegunok ez dira ospatzeko soilik, "nahi dugun jendarte mota horren erakuslea izatea nahi dugu txosna beste urtebetez".

Honenbestez, uztailaren 6ra arte, "dantzatu, zikindu, gozatu, zukutu, oihukatu eta barrenak hustu ditzagun denon artean" gonbidatu dute herria.

Suziria jaurtiz dantzan ekin diete festei.