Usurbilgo jaiak

Palestinarren aurkako genozidioa gerarazteko herri oihua argazki jendetsuan irudikatu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 2a, 21:59

"Genozidioa stop" aldarriaren bueltan gaurko iragarria zegoen herri argazkirako jendetza batu da. Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko herri oihua irudikatu du argazki horrek.

Jendetza batu da. Aldez aurretik, herrian barrena kalejira girotzen ari zen Ondoezik herriko elektrotxaranga gazteak erdigunean barrena mugiarazitako herrikide mordoa erakarri du batetik. Bestetik, txoznetan nahiz frontoian bertan zain zen jendea. Azkenik, hitzorduaz jabetu bezain laster, azken unean batutakoak. Bistan duzue, albiste honi atxikitako irudiotan, Usurbilgo festen jaiegun nagusi honetan ateratako herri argazki jendetsua; elkartasunarena eta salaketarena baita.

Palestinar herriarekin bat egin nahi izan dute "Genozidioa stop!" aldarriaren bueltan elkartu diren guztiek. Behingoz amai dadila palestinar herriaren aurkako genozidioa eta Israelekin berehala haustea galdegin dute baita. Palestina askatzeko deiadarrak entzun dira behin baino gehiagotan herri argazki jendetsu hau ateratzerako unean.

Modu honetan, deitzaileek nabarmendu bezalaxe, herriko festak aldarrikapenerako ere une oso aproposa direla argi utzi dute, "eta zer esanik ez, herrien arteko elkartasun ariketak egitekoa".

Jaiak ere, genozidioaren aurkako eragile
Palestinarren aurkako genozidioak ez du etenik. Euskal Herrian Gernika-Palestina herri ekimena ari da bideratzen hainbat ekimen azkenaldian, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. Udako jaietan ere “jaietako testuinguruan eragileak genozidioaren kontrako aktore bilakatzeko” asmoa agertu zuten berriki.

Usurbilgo jaiotan aipatu Palestinaren aldeko herri argazkia atera berri dute gaur, "Lurra, justizia, bakea. Genozidioa stop" aldarripean.