Talde honekin jendaurreko hirugarren emanaldia zuten gaurkoa, Usurbilen bigarrena. Izan ere, gogoan izango duzue, maiatzaren 24an Ziortza Gazte Elkarteak betetako 40 urteak ospatzeko jaialdian eskaini zuten estreinako kontzertua Ondoezik elektrotxaranga talde gazteko kideek.
Egungo nahiz garai bateko euskal abestien bertsioekin dantza giro betean murgildu ziren emanaldira joandakoak. Jaialdi hartarako abestiaren sorkuntzan parte hartu zuten gainera eta egun hartan abestu zuten jendaurrean lehenbiziko aldiz.
Bueltan
Estilo eta gogo berarekin itzuli dira bigarrenez gaurkoan, Usurbilgo jaietara; festarako gogoz eta duten onena ematera. Herriko festen jaiegun nagusi honetan, uztailaren 2an, txoznetatik abiatu dira herriko kaleetan barrena.
Tarteka botatako zirimiriari aurre eginez, emanaldirako gailuak ondo baino hobeto babestuta garraiatu dituzte emanaldi ibiltari honetako geltokietan barrena. Kale Nagusia, Erreka Txiki eta Bordaberri kaleak zeharkatu dituzte lehenbizi, KzGunearen egoitza atarian gelditu ostean. Artzabalen egin dute hurrengo geldialdia, eta, azkena, frontoian. Gune guztiotan euskal kantutegiari errepaso bikaina eman diote.
Leku guztiotatik barrena jendetza mugiarazi dute.