Usurbilgo jaiak

Txikienen festa erraldoia gaur, jai zaintzaileen aldeko hitzorduekin batera

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 3a, 08:56

Erdibidera heldutako Usurbilgo jaietan Haurren Eguna ostegun honetan, uztailaren 3an. Horrekin batera, jai zaintzaileen aldeko hainbat hitzordu ere izango dira. Gazte mugimenduak, gainera, poteo elegantea iragarri du.

Udaletxe atarian egingo duten harreraren ondotik, egunpasa ederraz gozatzeko aukera izango du belaunaldi gazteenak gaurkoan, uztailaren 3an, Usurbilgo jaietan. Segidan duzue hitzordu guztien zerrenda.

Festen izaera zaintzailean sakonduko dute
Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko lanean ari den udalerria dugu aspaldi honetan, alor guztietan gainera, baita festetan ere. Azken urteotan, hainbat ekintza bideratu dira zaintza behar duten pertsonei zuzenduak bereziki edota haiek lehenetsiko dituzten ekitaldiak txertatzen joan dira. Horrez gain, zenbait ekitaldi herri honetako zaintza guneetatik ere igaro edo abiatu izan dira.

Ildo horretan sakonduko dute herriko festek. Aurreko edizioen antzera,  gaur, uztailaren 3an ospatuko den Haurren Egunaren baitan, txutxu trenean ibiltzeko aukera izango dugu goizez eta arratsaldez. Baina eguneko lehen ordua, Eguneko Zentroko eta Artzabalgo helduentzat erreserbatua egongo da.

Ordu lasaiak feriagunean
Jaietan zaintza eremu gehiagotan ere nabarmenduko da aurten; esaterako, anbulatorio ondoko aparkalekuan kokatua dagoen urteroko feriagunean. Ordu lasaiak tartekatuko dituzte zabalik izango diren festa hauetan, zehazkiago esanda, bi egunetan; uztailaren 3an (19:00-20:30 artean) eta uztailaren 5ean (12:00-14:00 artean). Tarte horietan, feriagunea "musika eta argi bizirik gabekoa" izango da. Jai batzordetik azaldu dutenez, "zenbait eskaera jaso izan dira eta zenbait herritan egin dela ikusita, Usurbilen ere ordu lasaiak ezartzea erabaki da".

Feriagunea aipatuta, aurreko edizioen ildotik bi egunetan prezio bereziak finkatu dituzte; Umeen Eguna izango den uztailaren 3an eta festak amaitu osteko astelehenean, uztailaren 7an. Jaiak beti feriagunean amaitzen baitira.


Usurbilgo jaiak
Uztailak 3, osteguna
• 09:45 Haur eta gazteei harrera, J.M. Sagardia plazan.
• 10:00-13:00 Txikienentzat puzgarriak frontoian.
• 10:00-12:00 Erronka LH5-DBH2koentzat eta ginkana LH1-4koentzat.
• 10:30-11:30 Txutxu trena. Eguneko Zentroa eta Artzabalgo Helduak.
• 11:30-13:30/15:30-17:30 Txu-txu trena, Bordatxo aurretik.
• 12:30 Buruhandi eta erraldoiak.
• 13:30 Umeen bazkaria Artzabalen (norberak ekarrita).
• 15:30 Ur puzgarriak Artzabalen.
• 16:00 Mus txapelketa Askatasuna plazan (izen ematea 15:30-16:00).
• 18:00 Txokolate jatea eta Dantzaokea Dema plazan.
• 18:30 Poteo elegantea txosnetatik abiatuta.
• 20:30 Erromeria frontoian: Bide Batez.

Uztailak 4, ostirala
• 11:00 Kolore Festa frontoian.
• 11:00-13:00 Toka txapelketa eta Santixabel Igel Jokoa, Artzabalen.
• 14:00 Jubilatuen bazkaria, Atxega Jauregian.
• 14:30 Gazte bazkaria txosnetan. Ondoren, bingo musikatua.
• 15:30 Puzgarriak frontoian eta Askatasuna plazan.
• 16:30 Frutarekin eskulan/merienda eta egur jolasak Artzabalen.
• 18:00 Hamarru Elektrotxaranga txosnetatik abiatuta.
• 18:30 Bola txapelketa.
• 20:00 Tapia eta Leturia frontoian.
• 23:00 Kontzertuak txosnetan: Sustrai berriak, Mirua eta Zer Dj-a.

Uztailak 5, larunbata
• 12:00 Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 12:30 Herritarren arteko herri kirol lehia.
• 14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan, Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 18:00 Errekortariak eta sokamuturra Udarregin.
• 18:00 Mugi panderoa erromeria txosnetan.
• 19:00 Buruhandiak, erraldoiak.
• 19:30 Laskotxaranga.
• 23:00 Kontzertuak frontoian: Viafara eta Janus Lester.
• Jarraian, txosnetan: La Txama eta Fantasia Dj.a.

Uztailak 6, igandea
• 07:00 Kita del Pare txaranga txosnetatik abiatuta.
• Ondoren, gaupaseroen argazkia.
• 09:00 Esnadeia, trikitilariekin.
• 11:30 Joaldunak Egurtzegitik abiatuta.
• 12:00 Kale Zirkua. 'Mikra' ikuskizuna eskainiko dute Artzabalgo frontoian.
• 18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen-ematea, 18:00etan).
• 18:30 Buruhandi eta erraldoiak.
• 18:30 México Lindo kalejira eta mariatxiak Artzabalen.
• 23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
• 00:30 Karaokea txosnetan.

Antolatzailea: Usurbilgo Jai Batzordea.