Usurbilgo jaiak

Udako bira betean da Orbeldi

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 3a, 11:50

Udako festen bira betean da Orbeldi dantza taldea. Kalezarkoen ostean, Usurbilgo jaietako emanaldia eskaini du.

Ekainaren 13an agurtu zuen dantza pote ekimenarekin 2024-25 ikasturtea Orbeldi dantza taldeak, udako birari heltzeko. Izan ere, udan ez dute erabat eteten haien jarduna. Festen denboraldian barneratzen dira eta Usurbilgo herri zein auzo hainbatetan emanaldiak eskaintzen dituzte. Halaxe egin zuten Kalezarko jaietan ekainaren 21ean eta modu berean plazaratu dira Usurbilgo festetan, aurten nobedade batekin.

Jaien hasiera girotu dute Orbeldikoek. Estreinakoz, astearteko festen hasiera ekitaldiaren ondotik, azken urteotan indartzen ari diren herri kalejiran parte hartu zuten. Segidan, gazte txupinazoaren ostean, frontoian emanaldia eskaini zuten, jaien testuinguruan. Urtean zehar eginiko lanketaren erakusleiho ederra izan ohi dira hitzorduok.