Usurbilgo jaiak

Zumaiarrak nagusi, 53 bikote lehiatu diren mus txapelketan

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 3a, 20:38

Iaz bezala, aurten ere zumaiarrak nagusitu dira Usurbilgo jaietako mus txapelketan. Jendetsua izan da hitzordua; 53 bikote lehiatu dira Askatasuna plazan.

 
 
Iaz baino zertxobait laburragoa izan da. Halere ia bost ordu iraun du 2025eko Usurbilgo jaietako mus txapelketak. 20:30ak pasatxoan amaitu den lehiaketako sari banaketako irudi eta xehetasunak dituzue segidan. Iaz bezala, aurtengoan ere zumaiarrak nagusitu dira, nahiz herri ordezkaritza ere sailkatu den podiumean. Lau izan dira bikote sarituak. Amaieran, albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute sarituek eta antolakuntza lanetan jardundako Gure Pakea elkarteko kideek, udal ordezkaritzarekin batera.


53 bikote
Jendetza erakarri dute aurtengoan ere; antolatzaileen esanetan 53 bikotek eman dute izena Usurbilgo jaietako mus txapelketan. Ostegun arratsalde honetan, uztailaren 2an karta joko ezagunenari lotutako lehian murgildu dira Askatasuna plazan. Hein handi batean, baziren herritarrak, baina baita bisitan etorritakoak ere.

Azken urteotan, nabaria da joera bikoitz hori Usurbilgo herri nahiz auzoetako festetan antolaturiko hitzorduotan; batetik, geroz eta jendetsuagoak dira eta, bestalde, herritarrak nahiz bisitariak erakartzen ditu mus txapelketak.

Parte hartzaile kopurua tarteko, bi txanda antolatu behar izan dituzte.

Usurbilgo jaietako mus txapelketa
1-Aritz Gonzalez eta Julen Lopez.
Sariak: txapela, trofeoa, bi marisko lote, bi txuleta, bi botila ardo.



2-Joxe Ramon eta Celestino Arteaga anaiak.
Sariak: trofeoa, bi txangurru, kilo erdi bana saiheski, bi botila ardo.



3-Joxe Mari Larrañaga eta Pako Bernal.
Sariak: trofeoa, oilasko bana, bi botila ardo.



4-Mikel Aranburu eta Iñaki Aranburu.
Sariak: gazta erdi bana, bi botila ardo.



Txapelketa hasierako irudiak