Usurbilgo jaiak

Prezio bereziak eta ordu lasaia feriagunean

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 3a, 19:14

Bi neurriok martxan jartzen hasi dira gaurko Umeen Egunean.

Bi motibo tarteko, albiste dugu feriagunea erdibidera heldutako Usurbilgo jaiotan. Batetik, ohi bezala, prezio bereziak iragarri dituztelako. Bestetik, estreinakoz, ordu lasaia deritzona ere martxan jarri dute.

Bi neurriok jai hauei dagokienean estreinakoz gaur aplikatu dituzte, Umeen Egunean hain zuzen. Baina segida izango dute. Prezio bereziei dagokienean, jaiak igandean amaituko dira, baina aurreko urteen ildotik, feriagunea beste egun batez zabalik izango da biharamunean, hau da, datorren astelehenean, uztailaren 7an. Egun horretan ere, gaur bezelaxe, prezio berezien truke gozatu ahalko da feriaguneko eskaintzaz.

Bestetik, estreinakoz, herri hau zaintzaileago bilakatzeko egiten ari den bidearen baitan, jaiak ere testuinguru horretara batzeko ahalegina egiten ari da jai batzordea azken urteotan. Aurten hartutako neurrien artean, bada bat feriaguneari eragiten diona; ordu lasaien tarteari buruz ari gara.

Ordu lasaiak tartekatuko dituzte feriagunean. Gaurko zuten iragarria lehen tarte hori, uztailaren 3an 19:00-20:30 artean. Larunbatean, uztailaren 5ean (12:00-14:00 artean) berriz. Tarte horietan, feriagunea "musika eta argi bizirik gabekoa" izango da. Jai batzordetik azaldu dutenez, "zenbait eskaera jaso izan dira eta zenbait herritan egin dela ikusita, Usurbilen ere ordu lasaiak ezartzea erabaki da".