Asteburu betean dira Usurbilgo jaiak. Azkenurreko ospakizun eguna dugu ekitaldi eskaintza aldetik bete askoa datorren larunbat hau. Herritarren arteko herri kirol lehiak eta zikiro-jan girotua izango ditugu goiz eta eguerdi partean. Erromeria, errekortariak, txaranga edota buruhandiak arratsaldean.
Viafararen berriena
Hortik aurrera, herriko talde Viafarak hasiera emango dion kontzertu gau luzean murgilduko dira festak, gaupasa eguna baitugu gaurkoa. Usurbilgo aipatu musika taldeak sare sozialen bidez aditzera eman duenez, bi nobedade dakartza gaurko emanaldiak. Izan ere, "herriko plazan EP berria aurkezteko gogo askorekin gaude. Guretzat oso berezia izango da, ez baitugu zuzenekorik gehiago emango datorren urtera arte".
Indarkeria matxistarik gabeko gunea
Indarkeria matxistaren aurreko jarduketa protokolo eguneratua aurkeztu zuten duela hilabete bere lanketan aritutako eragileek; Udalak, Usurbilgo mugimendu feministak, gazte mugimenduak, herri nahiz auzoetako jai batzordeetako ordezkariek edota Sagardo Egunaren Lagunak taldeak. Prebentziora, sentsibilizaziora nahiz erasoak gertatzen direnerako jarraibideak jasotzeaz gain, hainbat baliabide ere prestatu zituzten. Horietako bat, "eraso matxista baten lekuko bazara, entzun, ez epaitu, babestu", aldarria daraman kartela duzue.
Horrez gain, formakuntza saio bat jasotzekoak ziren protokoloa landu duten eragileak, jaietako antolatzaileak edota ostalariak. "Eragileok konpromisoa hartzen dugu festak hasi aurretik taldekide guztiek protokoloa ezagut dezaten, eta jakin dezaten halako erasoren bat gertatzen bada zer egin behar den", jakinarazi dute.
Usurbilgo herri eta auzoetako festa bakoitzean leku seguruak egokitu dituzte. Usurbilgo jaiotan Gaztelekua izango da leku seguru hori. Aurreko urteen ildotik, gainera, jaien egunik jendetsuenetan, aurten, ostiral eta larunbat honetan, hilaren 4an eta 5ean, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du Udalak Emagin elkartearen bidez. Zerbitzu bikoitza eskainiko dute; batetik, bai uztailaren 4an eta 5ean, informazio gunea ezarriko dute 21:00-00:00 artean Mikel Laboa plazan eta segidan, arreta puntua egokituko dute Gaztelekuan gauerditik goizaldeko 6:00ak arte.
Usurbilgo jaiak
Uztailak 5, larunbata
• 12:00 Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 12:30 Herritarren arteko herri kirol lehia.
• 14:00 Zikiro jana Askatasuna plazan, Bentazaharreko mutiko alaiak-ek girotuta.
• 18:00 Errekortariak eta sokamuturra Udarregin.
• 18:00 Mugi panderoa erromeria txosnetan.
• 19:00 Buruhandiak, erraldoiak.
• 19:30 Laskotxaranga.
• 23:00 Kontzertuak frontoian: Viafara eta Janus Lester.
• Jarraian, txosnetan: La Txama eta Fantasia Dj.a.
Uztailak 6, igandea
• 07:00 Kita del Pare txaranga txosnetatik abiatuta.
• Ondoren, gaupaseroen argazkia.
• 09:00 Esnadeia, trikitilariekin.
• 11:30 Joaldunak Egurtzegitik abiatuta.
• 12:00 Kale Zirkua. 'Mikra' ikuskizuna eskainiko dute Artzabalgo frontoian.
• 18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen-ematea, 18:00etan).
• 18:30 Buruhandi eta erraldoiak.
• 18:30 México Lindo kalejira eta mariatxiak Artzabalen.
• 23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
• 00:30 Karaokea txosnetan.
Antolatzailea: Usurbilgo Jai Batzordea.