Usurbilgo jaiak

Kantuan heldu dira zikiro janera

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 5a, 15:28

Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotu du larunbat honetan, uztailaren 5ean ospaturiko zikiro jana eta haren bazkalaurreko tartea.

Usurbilgo Euskal Kantu Taldea dagoeneko opor giroan da iragan hilabetetik. Haien hutsunea, jaiotan, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak eta haiengana hurbildutakoek bete dute festetako larunbat eguerdi honetan, uztailaren 5ean.

Izan ere, aipatu talde hau da zikiro jana eta haren aurreko tartea girotzeaz arduratu dena. Askatasuna plazako otordura heldu aurretik, herrian barrena, tabernetako erronda egin dute, haiengana hurbildutako bidelagunekin. Eskura zituzten kantu-liburuxkekin, euskal kantu ezagun askoak abesten jardun dute, kalejira honen azken txanpan jasotako irudietan ikusi eta entzun ahalko duzuenez.

Benta, Bordatxo edota Aitzaga parean izan dituzte zikiro janera sartu aurreko azken geltokiak. Parte hartze marka hautsi duen hitzordurako sarreran zain zirenak ere musikaz girotu dituzte Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoek.

Urretxu-Zumarragako eta Urrestillako kideek osatu zuten talde hau 2006. urteko udan. "Gerora taldekide berriak inguratu zaizkio eta seikote baten moduan jotzen du. Taldeak funtsean euskarazko abestien errepertorioa duen emanaldiak eskaintzen ditu eta horretarako erabiltzen dituen instrumentuak hauek dira: eskusoinua, biolina, gitarra, baxua, dultzaina, txirula, aho-soinua eta perkusioa".