Usurbilgo jaiak

Joaldunek esnatu dute herria azken festa egunerako

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 6a, 14:58

Usurbilgo joaldunen kalejirak esnatu du lozorrotik herria, festen azken egun honetarako.

Jai giroak ez du etenik izan larunbateko herriko festetako azken gau honetan. Eguna argitu arte luzatu da parrandarako tartea. Oheratzen azkenak, goizeko gaupaseroen argazkian parte hartu dutenak izan dira. Aldiz, herria festetako azken egun honetarako esnatzea Usurbilgo joaldunei egokitu zaie.

Herri hau zaintzaileagoa izateko jorratzen ari den bidearen baitan, festak ere prozesu horren ispilu izateko apustuan sakontzen ari dira azken urteotan. Besteak beste, joaldunena da testuinguru horretan kokaturiko hitzorduetako bat. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik, Egurtzegi paretik abiatu dira iragarritako orduan, igande goizeko 11:30etan.

Iaz ere handik hasi zuten kalejira. Egurtzegiko egoiliarrak izan dira hasiera honen lekuko zuzenak, baita prestaketenak ere. Usurbilgo joaldunak nola itxuraltzen diren ikusi ahal izan dute.

Egurtzegitik abiatu ostean, Kalezar alderik alde zeharkatu eta herri erdigunera jaitsi dira gero. Gau mugituaren ondotik, "lozorroan" zen Usurbil esnatu dute eguerdi partean.