Usurbilgo jaiak

Ipurtargia sutan desegiteko prest

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 6a, 12:38

Gaur gaueko 23:00etan Dema plazan sutan desegin aurretik, Potxoeneako ataritik Dema plazara jaitsi dute, aste osoan zehar zaindari lanak egin dituen ipurtargia.



Egitarau ofizialean aipatzen ez den arren, jada entitate propioa duen hitzordua izaten da, jaietako zaindaria jartzen duten unea. Aste hasieran bizi izan genuen aurtengoa, eta ikusmina sortu zuen. Maskotak, gainera, beste bi ezusteko ekarri dizkigu aurtengoan; batetik, astearte arratsaldeko festen hasieran jakinarazi zutena; paparrean janzteko aukera izango genuela maskota tamaina txikian. Argia egiten zuen, jatorrizkoak bezelaxe.

Hortxe festetako zaindariak ekarri digun bigarren sorpresa. Ipurtargiak egin ohi duen moduan, gauero Potxoenea ingurua argiztatu du aste osoan zehar.

Hainbeste emandako maskota agurtzear gara. Urteroko ohiturari segita, Potxoenea ataritik Dema plazara jaitsi dute igande goiz honetan, uztailaren 6an, jaiak amaitzear dauden seinale.

Gaur gaueko 23:00etan ikusi eta agurtu ahalko dugu azken aldiz, Jokin Eizagirre herrikideak ondutako ipurtargia. Une horretako azken trakan, sutan desegingo da betiko.