Usurbilgo jaiak

Feriaguneaz gozatzeko egun bat gehiago, prezio bereziekin

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 7a, 07:57

Usurbilgo jaiak amaitu arren, zabalik segiko du gaur anbulatorio ondoko aparkalekuan kokaturiko feriaguneak.

Akabo Usurbilgo jaiak, baina festa giroa ez da guztiz akabatu bart azken trakarekin. Izan ere, aurreko urteetako ohitura berrituko da aurten ere. Gaztetxoenek oraindik, aparteko egun bat izango dute astelehen honetan, uztailaren 7an, anbulatorio ondoko aparkalekuan kokaturiko feriaguneaz gozatzeko.

Gainera, uztailaren 3ko Umeen Egunean gertatu bezalaxe, prezio bereziak aplikatuko dituzte gaurkoan ere.

Gogoan izan, aurtengoan, berrikuntza bat ere txertatu asmo zutela eremu horretan; bi egunez (uztailaren 3an ordu eta erdiz arratsalde partean eta uztailaren 5ean bi orduz eguerdian) ordu lasaien tartea ezarri asmo zuten. Usurbil zaintzaileagoa izateko herri hau jorratzen ari den bidearen baitan, ildo hau jaietan islatzeko hainbat ekimen egin dira. Aurtengoan, horietako bat feriagunean zegoen programatua; aipatu ordu lasaien proposamenaz ari gara. Aipatu denbora tarte horietan, musika eta argi bizirik gabeko tarteak izatea bermatu asmo zuten.

Feriaguneko “lapikoarekin” gorabeherak
Usurbilgo jaiotan, ohi bezala, anbulatorio ondoko aparkalekuan kokaturiko feriagunean atrakzio guztiak ez dira egon erabilgarri. “Lapikoa” izenekoa itxita egon da. “Usurbilgo Udalak ez dio irekitzeko baimena eman Lapikoa deitutako atrakzioari, segurtasun baldintza egokiak bermatzen ez dituelako”.

Egoera horren aurrean, “ordezko atrakzio bat bilatzen saiatu da, gazteentzako egokia litzatekeena”. Hala hitzartu zuten “izatez, Afaderekin”. Jaietan bertan izan zen hori. Ordezko atrakzio bat etortzekoa uztailaren 4an egun berean martxan jartzeko “baina baimena ukatu zaion ferialariaren jarrerak zapuztu zuen udalaren ahalegina. Lapikoaren jabeari behin baino gehiagotan eskatu zion udalak atrakzioa desmuntatu eta eramateko” baina bertan jarraitzen zuen. Horren aurrean, udalak ferialarien elkarte Afaderi atrakzioaren eremua hesitzea eskatu zion, “feriagunean dabiltzanen segurtasuna bermatzeko”.

Udaletik azaldu dutenez, “feriatako atrakzioek urtero pasatzen dituzte azterketak, autoek bezala. Lapikoaren kasuan, jabeak udalean aurkeztu duen dokumentazioa ez dator bat ekarri duen atrakzioarekin. Hori ikusita, udaleko teknikariak aritu dira ekarritakoaren baldintzak aztertzen, eta irekitzeko baimena ukatu diote. Eragozpenak barkatzeko eskatuz, adierazi dute ez diotela baimenik emango herritarren segurtasuna bermatzen ez duen inolako atrakziori”. Horrekin batera, Udalak “Afaderi zein Eusko Jaurlaritzako Industria sailari, jabe horren atrakziorik Usurbilera berriz ez ekartzeko” txostena helarazi dio.