Eskertza

Ia 300 atxikimendu, Donostia ospitaleko doako aparkaleku duinaren alde

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 10:24

Donostia ospitaleak doako aparkaleku duina izateko Doako Parkinga Denontzat plataformak Usurbilen eginiko sinadura bilketaren balantzea plazaratu du, eskertza moduan. Ia 300 sinadura bildu dituzte udalerri honetan.

Langileentzat nahiz ospitaleko erabiltzaileentzat jasanezina den egoera salatu eta konponbide  bat ematea exijitzeko sortu zuten Donostia ospitaleko langile talde batek Doako Parkinga Denontzat, ospitaleko aparkalekua guztiontzako doakoa eta duina izatea bermatu nahi duena.

Eskaera hau bideratzeko atxikimendu bilketa kanpaina abiarazi zuen aipatu plataformak sarean. Horrez gain, ekimena herrietara gerturatzeko saiakera egiten ari dira bilguneko kideen eskutik. Tartean dira zenbait Usurbilgo herrikide ere. Ekaineko bigarren hamabostaldian lau egunez, anbulatorio atarian sinadurak biltzeko mahaia jarri zuten. Horrez gain, Usurbilgo jaietan ere jubilatuei zuzenduriko ekitaldien egunean Artzabalen ere izan ziren.

"Oso eskertuak gaude"
Berri eman dutenez, ia 300 atxikimendu bildu dituzte egun horietan guztietan, zehazkiago esanda, guztira 293. Denei eskertza helarazi nahi izan die lerroon bidez. "Oso eskertuak gaude herritarrek emandako babesarekin", adierazi nahi izan dute NOAUA! bidez, Doako Parkinga Denontzat plataformako Usurbilgo ordezkariek. Izan ere, oroitarazi dutenez, "osasun zentru inguruan egon garen egunetan eta Santixabelen baitan, Artzabalen toka eta igel jokoaren ekitaldian herritarrek babesa eskaini digute". Usurbilen bezala, "herri eta auzoetan ere sinadurak jasotzeko taldeak sortu ditugu".

Atxikimendu horiei guztiei, sarean bildutakoak erantsi behar zaizkie, 3.547 lagunek bat egin dute eskaera horrekin. Helbide horretan bat egin daiteke online atxikimendu bilketa horrekin: "Doako Parkinga Denontzat".

Kontsultak galtzeraino
Gogoan izan, ez da gaurko arazoa, baina jasanezina bilakatu dela salatzen ari dira azken hilabeteotan. Izan ere, Donostia ospitalera doana lanera nahiz paziente gisa hitzorduren bat izateagatik, garaiz heltzeko aparteko ahalegina egin beharrean da, ez baitu inolaz ere bermatua osasun zerbitzuon eremutik gertu aparkatu ahalko duenik. Beraz, ohikoa da, pazienteen kasuan, esaterako, ospitale atarian utzi beharra, laguntzen ari zaion gidaria aparkatzeko toki bila joan ahal izateko, edota bigarren laguntzaile baten beharra izatea, bere kabuz ospitalera sartu ezin badu.

Aipatu moduan, ez dela gaurko arazoa salatu dute hilabeteotan, urte hasieran osaturiko Doako Parkinga Denontzat herri plataformak. Baina jasanezina bilakatu dela diote, "ospitaleko aparkaleku nagusian protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzearen ondorioz". Testuinguru horretan, onartezintzat jotzen dute "ospitale batean aparkaleku nagusia ordainpekoa izatea, edo ezin aparkatzeagatik kontsultak galtzea, gertatu den moduan".

Egoera horretan, "eskainitako aukerak oso eskasak izan direla" salatu dute. Osakidetzak "enpresa pribatuen onurak" lehenesten dituela salatu du herri plataforma honek, "pazienteen eta langileen eskubideen gainetik. Bestetik, gatazkaren aurrean eskaintzen diren alternatibak ez direla benetakoak".

Horregatik eskatzen diote Osakidetzari "Donostia Unibertsitate Ospitaleko langile eta pazienteentzat doakoa izango den aparkaleku alternatiba eskaintza erreala egitea".