Igepak-en ere adostasuna erdietsi dute

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 10:52

Tremefil-Izagirren gertatu moduan, Igepak-eko langileek ere lan-hitzarmena adostu dute enpresako zuzendaritzarekin. Honenbestez, bertan behera utziak dituzte lanuzteak.

Elkarren alboan dauden bi lantegi lan-hitzarmen duina izateko borrokan aritu dira azkenaldian. Lanuzteetan hasiak ziren ekaineko bigarren hamabostaldian. Tremefil-Izagirre eta Igepak lantegiei buruz ari gara. Lehenengoan adostasuna erdietsi zutela berri eman genizuen iragan astean. Usurbil jai giro betean zen egunetan heldu ziren konponbidera baita Igepak lantegian ere.

Bigarren kasu honetan, ekainaren 26an eta 27an egin zituzten, tokiko lan hitzarmen duinaren alde borrokatzeko lehen lanuzteak. Tremefil Izagirrekoekin batera mobilizatu eta manifestatu ziren lehen egunean, gainera, bi lantegiak kokatuak dauden Osinalde industrialdean barrena.

Bi lanuzteon ostean, uztailaren 3rako eta 4rako zituzten iragarriak hurrengo lanuzteak. BItarte horretan negoziatzen jarraitu asmo zuten enpresako zuzendaritzarekin. Azkenean, iragan asteko lanuzte horiek egin beharrik ez zuten izan. Izan ere, uztailaren 3ko lanuzteari ekin aurretik bozkatu eta adostu baitzuten enpresatik jasotako proposamena. Honenbestez, bertan behera utzi dituzte iragarriak zituzten mobilizazioak.

Adostasuna, greba mugagabearen atarian
Gogoan izan, bestalde, aipatu moduan, Igepak-ekoekin batera, Tremefil Izagirre lantegikoak ere lan-hitzarmen duinaren aldeko lanuzteetan izan zirela ekainaren 20tik 27ra. Hilaren 30ean greba mugagabeari ekitekoak zirela, akordio batera heldu ziren langileak enpresako zuzendaritzarekin.