Izan ere, “teilatuak 40 urte inguru ditu, eta teilak egoera kaskarrean daude: azken urteetan konponketa txikiak egin badira ere, erabat berritzeko beharra du dagoeneko”. Hainbat lan uztartuko dituzte obra berean. “Lehenengo, teilen azpian dagoen amiantoa kendu eta lata berria jarriko da, hau da, teilen euskarri diren egurrezko ohol mehe eta luzeak. Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko, gainera, isolamendu termikoa jarriko da, eta, ondoren, teila eta sabai-leiho berriak. Horrekin batera, erreten berriak jarriko dira, eta teilatu-hegalean ustelduta dagoen egurra ere saneatu egingo da”.
Horrez gain, irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko dute lan hauek. Udalak egun duen igogailua azken solairuraino heltzea bermatuko du. Horretarako, “egungo igogailuaren kutxa edo egitura luzatu egingo dira, azken solairuraino igotzeko: teilatuak orain duen forma izaten jarraituko badu ere, igogailuaren kutxaren zati bat agerian geldituko da. Teilatupeko espazioan ere esku hartuko da: egitura lixatu eta bernizatuko egingo da, lurra leundu eta bernizatuko da”.
Udaletik jakinarazi dutenez, gainera, “Garmendia Tejas y Cubiertas SL enpresak eskuratu du obra egiteko lizitazioa, 163.500 euro inguruan (BEZ barne), eta hiru hilabeteko epea izango du horretarako”.
Lan hauek bideratzeko goiko solairuan kokatua zegoen udal artxiboaren zati bat (bestea hirugarren solairuan) eta dena hustu dute guztiz aldez aurretik. Momentuz, behin-behinean Atallun kokatuko da udal artxiboa. “Artxiboak hartzen duen leku fisikoa handia da, eta udaletxetik kanpo kokatzea da asmoa, udaleko espazio faltari erantzun ahal izateko: oraindik erabakitzeko dago zein izango den behin betiko egoitza. Artxiboaren lekualdatzea udaletxearen berrantolaketa orokorraren lehenengo pausoa izango da; horrekin udazkenean hasteko aurreikuspena du udalak”.
Teilatua konpondu beharrak ekarri zuen baita “artxibo sistema eguneratzekoa” ere. “Biei ekin die udalak, artxibotik hasita. Lizitazioa atera zuen iazko udan, eta Ereiten Kultur Zerbitzuak taldeak eskuratu zuen, 194.568 euroan (BEZ barne). Teilaturen obrak ezin zuen artxiboko lanak amaitu arte itxaron, hiru urterako lana baita: horregatik artxiboa Atallura eraman zen, egin beharreko lanak han egiteko”.