Buruntzaldeko transmaribibolloak

Azken asteotan eskualdean izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 10:38

Argazkiak: Buruntzaldeko transmaribibolloak.

Buruntzaldeko transmaribibolloek helarazitako oharrean, azken asteetan eskualdean izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu dituzte. "Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere", nabarmendu dute.

Lasarte-Orian, Hernanin edota Andoainen azken asteotan izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu dituzte Buruntzaldeko transmaribibolloek helarazitako ohar bidez. Zehazkiago esanda, hainbat hormetan izandako margoketak edota "Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso arrazistak" deitoratu dituzte. Eraso hauen guztien aurrean, adierazi nahi dute, "ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen
utziko ere". Testuinguru horretan, jakinarazi nahi izan dutenez, "antolatuta gaude eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo diegu".

Segidan duzue, aipatu oharrak dioena osorik:

Azken asteetan gertatzen ari diren eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazisten harira,
Buruntzaldeko transmaribibolloon erantzuna
Azken ostiral honetan, Andoainen etxebizitza bateko paretan “Fuck LGTB" zioen gorroto
pintada agertu da. Buruntzaldeko transmaribibollook ekintza hau eraso gisa ulertzen dugu,
kolektiboarekiko eraso gisa, hain zuzen. Eta, bide honetan, erantzun kolektibo baten beharra
ikusi dugu.

Diskurtso LGTBIQA+ foboez gain, pintada arrazistak ere ageri dira gure kaleetan. Ostiralean
bertan, Lasarte-Orian mezu sionista, islamofobo, kolonialista eta arrazistaz beteriko
esaldiekin zikindu zuten Palestinar herriari elkartasuna adierazteko murala. Gainera,
LGTBIAQ+ borrokaren izenean, diskurtso arrazistak zabaldu dituzte muralean, eta ekintza
hori guztiz gaitzesten dugu. Arrazakeriak ez du tokirik gurean.

Ezin aipatu gabe utzi, Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso
arrazistak. Ez dira kasu isolatuak, diskurtso eta eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak ematen
ari dira gure herrietan eta ezin ditugu onartu. Hau guztia, noski, eskualdetik harago
gertatzen ari da. Faxismoa eta eskuin muturraren gorakadarekin batera, gorroto diskurtsoak
gailentzen ari baitira gorputz eta bizitza zehatz batzuren aurka.

Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa
ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen
utziko ere.

Antolatuta gaude eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo diegu.
Gora autodefensa transmaribibollo eta antiarrazista!