Desfibriladoreak erabiltzen ikasteko azken saioak egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 08:56

Usurbilgo Udalak desfibriladorea erabiltzen ikasteko bost saio antolatu ditu aste hasieraz geroztik; azkenak, asteazken eta ostegun honetarako.

Doako bost formakuntza saio eskaintzen ari da Oiardo kiroldegia astelehenaz geroztik. Asteazken eta ostegun honetarako, uztailaren 9rako eta 10erako daude iragarriak azkenak hurrenez hurren. Haietako bi saio gaur bertan, hilaren 9an eskainiko dira; goiz partekorako izen-ematea itxita dago jada.

Hiruna ordukoak izango dira saiook kiroldegian. Aurrez eman beharko da izena, usurbil.eus atarian dituzuen loturen bidez. “Egin dezagun Usurbil kardio-babestutako herria izatea, desfibriladoreak erabilgarri izan eta erabiltzen dakien pertsona talde konprometituarekin”, adierazi dute udal kirol sailetik. Antolakuntzak ohartarazi duenez, “talderen batean izena ematen uzten ez badu, taldea bete delako izango da. Era berean, izena emandakoan txanda konfirmatzeko mezua jasoko da bueltan”.

Egun, kiroldegian, Harane futbol zelaian, Sutegiko arkupean, Santueneko frontoian, Zubietako frontoian, Egurtzegin (Pelaioeneara mugituko da laster), Aginagako eskola txikiaren kanpoaldean eta udaltzainen autoan daude desfibriladoreak, baina Udaletik iragarri dutenez, “Txokoalden bederatzigarrena jartzea aurreikusia dago. Herrian gehiago ere badira, batik bat, enpresa pribatuek jarriak”.

Honako hauek dira aipatu trebakuntza saioen hitzorduak eta Udalak haietako bakoitzerako izena emateko Udalak kaleraturiko loturak. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "talderen batean izena ematen uzten ez badu, taldea bete delako izango da. Era berean, izena emandakoan txanda konfirmatzeko mezua jasoko da bueltan".

Desfibriladorea erabiltzeko ikasteko saioak
-Uztailak 9, asteazkena, 10:30-13:30. https://forms.gle/LKJaK7ipS2HoddPz9
-Uztailak 9, asteazkena, 17:00-20:00. https://forms.gle/yRdgJj8HwzmyvBTg9
-Uztailak 10, osteguna, 09:30-12:30. https://forms.gle/JU44YjECeTQ7ow6A8