Elkargunea abuztuko ostiraletan, etenaldi garaiko bakardadea arintzeko

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 09:20

Abuztuko ostiraletan paseatu eta kafetxo bat hartzeko aukera eskainiko du Usurbilgo Udalak, opor garai horretako itxiera eta etenaldiek eragindako bakardadea arintzeko.

Opor garaia izaten da abuztua askorentzat. Ohikoak dira, zerbitzu eta eskaintza ezberdinetan etenaldiak, itxierak izatea, ohi baino jende gutxiago izatea kalean... Testuinguru horrek ahalbidetu ohi duen bakardadea arintzeko elkargunea izatea proposatu du abuzturako Usurbilgo Udalak, "zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak egindako proposamen bati tiraka", zehaztu duenez.

Abuztuan, astean behin, ostiraletan, goiz partean eta bi orduz, 10:00-12:00 artean, hala nahi duen herritar orori zuzendua egongo da eskaintza hori. Goizeko 10:00etan Usurbilgo frontoian jarri dute biltzeko hitzordua. "Paseo txiki bat eman eta kafe baten bueltan elkartuko dira", Udaletik zehaztu dutenez. Hasteko, "10:00etan paseo motz bat eman, nork bere erritmoan, eta Artzabalera joango dira gero, kafe bat hartuz euren eguneroko kontuez hitz egiteko, 12:00ak bitartean. Monitore baten laguntza izango dute paseoetan". Dagoeneko 20 bat herrikideek agertu dute egitasmo honetan parte hartzeko asmoa.

Abuztuko ostiraleko paseo eta elkargune honetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Gizarte Zerbitzuetako 943 377 110 telefono zenbakira deituta. "Kaxkora joateko zailtasunak dituzten herritarrentzat garraio zerbitzua jarriko dute: beharrezkoa da aldez aurretik eskatzea, izena ematerakoan", ohartarazi du Udalak.

Galdetegia abiapuntu
Udalak eginiko galdetegi batetik sortu da egitasmo hau abiarazteko proposamena. Abuztuko etenaldiak "herrian zaintza zerbitzuak jasotzen dituzten herrikideen artean zein sentsazio sortzen dien jakin nahi izan dute, egoera hori pixka bat arintzeko aukerak baloratzeko, eta horren emaitza da abuzturako prestatu duten eskaintza". Galdetegia hedatu dute, "udan zein aldarte eta zein ohitura izaten dituzten ezagutzeko, ekintzaren bat antolatuz gero parte hartu nahi luketen eta zer egin nahi luketen jakiteko". Hortik sortu da, abuztuko saio hauek abiarazteko ideia.