2025-26

Eskubaloi eskolan izena emateko aukera oraindik

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 09:00

Hurrengo 2025-26 kirol urterako eskubaloi eskolan izena emateko aukera izango da oraindik uztailaren 13ra arte.

Usurbil Kirol Elkarteak berriki eginiko Julen Lejardi 2025 Kanpusaren baitan, datorren denboraldian abiarazi asmo duten Eskubaloi Eskolan izena emateko QR kode oker bat banatu zuten, akats bat tarteko. "Barkamenak eskatu behar ditugu akatsagatik eta gurasoei euren feedback-a eskertu", nabarmendu dute eskubaloi taldeen bilgunetik.

Horregatik, 2014-17 urte artean jaiotakoei zuzenduriko Eskubaloi Eskolan izena emateko epealdia luzatu dute uztailaren 13ra arte. Gogoan izan, hurrengo denboraldian, ostiralero (16:45-17:45 artean) entrenamendu saioa izango dute eta hilero partida bat. Esteka honen bidez eman ahalko da izena: https://forms.gle/uq17o-Wae2wDAkNZ1A

Bestela, albiste honen behealdean duzuen QR estekaren bidez baita. Argibide gehiago behar dituenak idatzi dezala, usurbilkirolelkartea@gmail.com helbidera.



70 lagun
Aipatu Julen Lejardi 2025 Kanpusaz balantze baikorra egin du, bestalde, Usurbil Kirol Elkarteak. "Lau egunetan zehar adin desberdinetako 70 neska-mutilek hainbat jolas egin zituzten psikomotrizitatea lantzeko". Ekimen honen arduradun nagusi Jon Aizpuruaren esanetan, "oso gustura gaude orokorrean neska-mutilek eduki duten jarrera eta gogoarekin. Bihurrikeriaren bat egin du deabrutxoren batek, baina asko ikasteko aukera izan dute, eta are hobeto pasatzeko!”.

Hitzorduak izandako harrera arrakastatsuak Eskubaloi Eskolari lotutako izen-emate kanpainan nabarmen eragin du, gainera. "Orain arte izugarrizko inskripzio pila izan dira eta benjamin (LH3/4) eta alebin (LH5/6) taldeak egongo direla baieztatu dezakegu. Zenbat talde eta nola banatu taldeak izango dugu hurrengo erronka", Usurbil K.E.-ko kirol-zuzendari Julen Nazabalen esanetan.