Gogoan izango duzuenez, lehen mailara igotzea lortu zuen Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldeak, maiatzaren 23ko asteburuan Kantabriako Colindresen jokaturiko fasean eta Euskal Liga irabazi ostean.
Emaitza horren aurrean, maila berri horretan lehiatu edo ez erabaki behar zuen eskubaloi taldeen bilguneak. Berriki, NOAUA!ra helarazitako idatzian iragarri zuten moduan, ez zuten erabaki erraza izan, izan ere, "liga horretan jokatzea erronka handia da. Bertako maila oso handia da, jokalari batzuk soldatapean daude, exijentzia eta %100eko konpromisoa eskatzen du, esperientzia asko duten jokalariek jolasten dute, izen handiko taldeak daude (Romo, Anaitasuna, Tolosa, Barakaldo, Uharte...)".
Taldean hausnartu ostean, aurrerantz jotzea erabaki eta maila berri horretan lehiatzea erabaki zuten. Irailean hasiko duten denboraldira begirako pauso berri bat eman du, oraingo honetan, Espainiako Eskubaloi Federazioak azken orduotan. Izan ere, senior mutilen lehen nazional mailan lehiatuko diren taldeak multzoka sailkatzeaz gain, lehen jardunaldiko neurketak zehaztu ditu, zozketa bidez. Albiste honi atxikitako bideoan duzue aipatu federazioak zozketa egindako unea, asteazken honetan bertan.
Egia lehen lehiakidea
Guztira sei multzo osatu dituzte. Saizar Usurbil K.E. C multzoan txertatu dute eta 9 zenbakia esleitu diote. Multzo horretan izango dituzte usurbildarrek taldeok: Loyola Indautxu, Ereintza, Trapagaran, Tarazona, Erromo, Zarautz, Egia Teila Fabrika, Tolosa, Zumaiako Pulpo, Barakaldo, Atarrabiako Beti-Onak, Bidasoa Irun, Eibar, Anaitasuna eta Uharte.
Aipatu moduan, lehen neurketa ere noren aurka jokatuko duten zehaztu du Espainiako Eskubaloi Federazioak. Usurbil K.E.-ko senior mutilek Egia Teila Fabrikakoekin lehiatuko dira 2025-26 denboraldiko estreinako jardunaldi horretan.