2024-25 kirol urtea amaituta, hurrengo denboraldira begira jartzeko unea da. Balantze gozo batekin eta erronka berriei begira agurtu du Usurbil Kirol Elkarteak hilabeteotako jarduna. Arrakastatsutzat jo duten denboraldian bidelagun izan dituztenak eskertu dituzte, segidan duzuen NOAUA!ra helarazitako oharraren bidez.
Datorren 2025-26 kirol urtea, berezia izango dela aurreratu dute Usurbil K.E.-tik. Dakizuenez, senior mutilen taldeak lehen nazional mailan jokatuko du estreinakoz eta maila igoera horri lotuta zenbait berritasun ere iragarri ditu aipatu bilguneak. Lerrootan dituzue xehetasunak:
“Datorren denboraldia berezia izango da”
Denboraldia amaitu da, eta atzera begiratzeko unea da. Lehenik eta behin, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu denboraldi osoan zehar gurekin egon zareten guztioi: Oiardo Kiroldegira etortzen zaretenoi, kanpoko partidetan animatzen gaituzuenoi, eta, oro har, Usurbil K.E.-ren proiektua sostengatzen duzuen guztioi. Zuen babesa, benetan, ezinbestekoa da guretzat. Partida bakoitzean etxeko giroa nabaritzea sekulako poza da.
Atzera begiratuta, harrotasunez esan dezakegu beste urte arrakastatsu bat izan dela gure klubarentzat.
-Infantil neskak: Lehenengo fasean Gipuzkoako Ligako txapeldun.
-Kadete mutilak: Euskal Ligara igoera lortu dute, promozio fasea irabazita.
-Senior neskak: Malkorbe Gipuzkoako Kopako txapeldun.
-Senior mutilak: Euskadiko txapeldun eta Lehen Maila Nazionalera igoera.
Talde kopuruari dagokionez, aurten honako hauek izan ditugu: bigarren urteko infantil nesken talde bat, kadete mutilen bi talde, kadete nesken talde bat, jubenil mutilen eta nesken talde bana, eta senior mailako nesken eta mutilen talde bana.
Orain, hurrengo denboraldia prestatzen hasiak gara, eta gure helburua argia da: klubaren hazkundearekin jarraitzea eta historia egiten jarraitzea. Horretarako, Usurbilgo herritar guztiak animatu nahi ditugu Usurbil K.E.-ko familiaren parte izatera.
Denok gara beharrezkoak! Gure proiektua ilusioz beteta dago eta bide oparoa du aurretik. Horregatik, animatu eta egin zaitez Usurbil Kirol Elkartearen parte: jokalari, entrenatzaile edo zale gisa. Haurrak, gazteak zein helduak, zuen lekua duzue gure artean. Elkarrekin, handiagoak izango gara.
Azken asteotan buru-belarri ibili gara pentsatzen ea senior mutilen igoera hori onartu ala ez. Ez da erabaki erraza izan, ez Usurbil Kirol Elkarteko zuzendaritzako kideentzat ez eta jokalarientzat ere: liga horretan jokatzea erronka handia da. Bertako maila oso handia da, jokalari batzuk soldatapean daude, exijentzia eta %100eko konpromisoa eskatzen du, esperientzia asko duten jokalariek jolasten dute, izen handiko taldeak daude (Romo, Anaitasuna, Tolosa, Barakaldo, Uharte...). Hainbat buru hausteren ondoren eta pasa den ostiralean senior mutilekin elkarren pentsamenduak eta iritziak elkarbanatu ondoren, aurrera pausoa ematea erabaki dugu: datorren urtean, 1. NAZIONALEAN JOLASTUKO DUGU.
Usurbil Kirol Elkartetik ahal dugun guztia egingo dugu Usurbilgo eskubaloiko talde bakoitzak ahalik eta esperientzia hoberena ta emaitza onenak lortzeko baina zuen laguntza ezinbestekoa izango da. Aurten, inoiz baino gehiago beharko dugu zuen laguntza.
Berritasun modura, jakinarazi nahi dizuegu datorren denboralditik aurrera senior mutilen partida guztiak sarrerarekin izango direla. Horren harira, bazkide egiteko aukera eskainiko dugu Usurbil Kirol Elkartetik, urte osorako (informazio gehiago emango dugu udan zehar).
Beste berritasun polit bat ere bai: aurten aukera izango duzue Usurbil K.E.-ren kamisetak erosteko, izen eta zenbaki pertsonalizatuekin. Eta, zure jokalari gustukoenaren kamiseta eskuratu nahi? Noski, aurtengo jarraitzaile askoren nahiak ikusi ondoren, Usurbil Kirol Elkartetik ere erabaki dugu zuen jokalari gustukoenaren kamisetak erosteko aukera eskaintzea (informazio gehiago emango aurrera).
Besterik gabe, eskerrik asko berriz ere, bihotz-bihotzez. Denon artean egiten dugu klub hau handi, eta datorren denboraldia berezia izango da. Elkar ikusiko dugu Oiardon!
Gora Usurbil K.E.!