Datozen jaietarako datak finkatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 10a, 11:52

Datozen jaiotarako

Udan barneratzearekin batera, jaien denboraldi betean gara inguruotan. Kalezarren ekin zioten, ohi bezala, festen garai honi ekainaren 19tik 24ra izandako ospakizun zikloarekin. Gerora heldu ziren Usurbilgoak, ekainaren 30etik uztailaren 6ra.

Etenalditxoa dator orain, baina laster, datozen asteotako herri giroa biziberrituko dute hurrengo festek. Izan ere, Usurbilgo herri eta auzoetako jai batzorde hainbat hurrengo ospakizun zikloak prestatzeko buru-belarri lanean dabiltza.

Ohiko ibilbidea osatuko du jaien denboraldiak inguruotan; Kalezarko eta Usurbilgoen ondotik, Zubietako, Urdaiagako eta Atxegaldeko jaien txanda izango da.

Zubietako Herri Jaiak
Ez dago aldaketarik. Iraupen finkoa izaten dute Zubietako Herri Jaiek eta aurtengo festak ere, daten aldetik ez dira salbuespenezkoak izango. Uztailaren 24an abiaraziko dituzte bertako herri jaiak eta hilaren 31ra arte luzatuko dira.

Egitaraua zehaztua dute jada; eskaintza zabala, anitza prestatu dute. Kontzertuak, zubietarrak elkartuko dituzten hainbat otordu edota kalejira, txapelketak, kirol hitzorduak, haurrei zuzenduriko ekintzak, oilasko biltzaileak.... eta gehiago izango da Zubietan hilabete honetako azken astean.

Urdaiagako jaiak
Zubietako Herri Jaiak amaitu arte ez zaie ekiten Urdaiagakoei. Uztailaren 31n bukatzen dira aipatu jai horiek. Honenbestez, abuztuaren lehena baino lehen ez dituzte abiarazten  Xanistebanak. Urdaiagako jaien erreferentziazko eguna hain zuzen, abuztuaren 3a izaten da, San Esteban eguna bera. Egun hori festek haien baitan bildu beharra izaten dute. Aurten, hilaren 3a igandez egokituko da, abuztuaren 1a ostirala. Abuztuko lehen asteburuan egokituko dira beraz, Xanistebanak.

Atxegaldeko jaiak
Hasi bezala ematen zaio amaiera abuztuari herri honetan, festa giroan. Urteko zortzigarren hilabetea ospakizunetan murgiltzeaz Xanistebanak arduratzen badira, bukaera eta askoren oporren itzulera girotzea Atxegaldekoei dagokie. Bertako jai batzordea prestaketa lanetan da. Iazkoekin alderatuta, egutegi kontuagatik, ohi bezala azken asteburuan ospatuko dira, baina iazkoekin alderatuta, egutegi kontuagatik, ohi baino geroxeago. Izan ere, Atxegalde festen zurrunbiloan abuztuaren 29tik 31ra barneratuko da 2025. urte honetan.

Udazken hasieran festa gehiago
Zubieta, Urdaiaga eta Atxegalde aipatu ditugu, uztailetik abuztura izango ditugun festen denboraldiko hurrengo geltokiak noiz izango diren. Baina jai giroa ez da abuztuarekin batera bukatuko. Udazken hasieran emango zaio jarraipena festen errondari; lehenik eta behin, aldaketarik ez bada, Santuenean irailaren 19tik 21era. Gero helduko dira azken jaiak, Aginagakoak, urria hasieran.