Abisu horian ostiral arratsaldetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 10a, 08:25

Prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara uztailaren 11n, ostiral arratsaldetik aurrera hain zuzen.

Egun eguzkitsu eta beroen ondotik, ohi bezala, ekaitz arriskua. Euskalmet meteorologia agentzia ostiral honetan, uztailaren 11n, arratsaldetik aurrera ekaitz arriskuan izango garela ohartarazten ari da. Zehazkiago esanda, prezipitazio handiagatik abisu horia ezarri du aipatu meteorologia agentziak, bihar arratsaldeko 18:00etatik aurrera, gauerdira arte gutxienez. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Tarte horretan, gainera, "zaparradekin batera txingorra (2-4 cm) egin dezake, haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-100 km/h) eta deskarga elektriko ugari egon daiteke".

Iragarpena
Baldintza hauekin, bezpera honetan, uztailaren 10ean, giro eguzkitsua izango da Usurbilen. "Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da; egunaren amaieran bero-hodei batzuk agertuko dira. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eguerdi aldera ipar-ekialdetik finkatuko da; ahul, tarte biziren batekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostiralean, hilaren 11n, "goiz lanbroa" izango da. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, arratsaldean bero-hodeiak ugaritu eta hodeitsu geratuko da. Egunaren bigarren zatian zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da,arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da; ahul, tarte biziren batekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".

Larunbatean, hilaren 12an ere "goiz-lanbroa" izango da. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren zatian. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin goizaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.