Ekaitz arriskuagatik abisu horian izango gara gaur, uztailaren 11n. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, kolore horretako abisuaren eraginpean izango gara ostiral honetan, 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke". Izan ere, "zaparradekin batera txingorra (2-4 cm) egin dezake, haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-100 km/h) eta deskarga elektriko ugari egon daiteke", ohartarazten ari da Euskalmet.
Usurbilen mugakide diren Gipuzkoa barnealdeko udalerriak alerta laranjan izango dira. Kasu horietan, "ordubetean 30 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada trumoitsu ertainak edo handiak bota ditzake eta barnealdeko zenbait lekutan oso handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (2-4 cm) egin dezake, haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-100 km/h) eta deskarga elektriko ugari egon daiteke", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Astebururako iragarpena
Giro honekin, ostiral honetan, hasteko, "goiz lanbroa" izango dugu Usurbilen. Aipatu meteorologia agentziaren arabera, "zerua hodei gutxirekin egongo da, arratsaldean bero-hodeiak ugaritu eta hodeitsu geratuko da. Egunaren bigarren zatian zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da,arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da; ahul, tarte biziren batekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".
Larunbatean segida izango du giro horrek. "Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren zatian. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin goizaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira", jakinarazi du Euskalmet-ek.
Hobetzera egingo du eguraldiak igandean, uztailaren 13an.
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.