Tren-geltokiko bigarren nasa ere erabilgarri uztailaren 14tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 11a, 12:29

Uztailaren 14tik aurrera, tren-geltokiko bi nasak erabiltzeko moduan izango dira.

Urrats berri bat Usurbilek tren-geltoki berria izateko bidean. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, datorren astelehenetik, uztailaren 14tik aurrera, geltokiko bigarren nasa ere erabilgarri izango da. "Hainbat hilabetez nasa bakarrarekin lan egin ostean, ETS-k maiatzean iragarri zuen uztailaren erdialdera biak erabiltzen hasiko zela", Udaletik gogorarazi moduan. Eta hala izango da hurrengo astelehenetik aurrera.

Horretarako, ordea, "zerbitzuaren aldaketak bideratzeko, lehenengo, asteburu honetan gauez lan egin beharko dutela jakinarazi dio Udalari: lan horiek ez dute eraginik izango tren zerbitzuan, eta ohiko ordutegia mantenduko da".

Nasen erabilera modua garai bateko bera izango da; hau da, iparraldekoa (geltoki zaharra dagoen aldekoa) Donostiarantz joan nahi dutenek baliatu beharko dute; hegoaldekoa, Oriorantz jo asmo dutenek. "Nasetara geltoki zaharraren ondotik sartu beharko da, eta Bilbo helmuga duten trena hartu behar dutenek trenbidea gurutzatu beharko dute nasara iristeko", Udaletik ohartarazi dutenez.

Abuztuan, San Esteban kaleko urbanizazio lanen bigarren fasea
Etorkizuneko geltoki berria irisgarria izango da, eraikiko duten Etxealdiako zubi berria igogailuen bidez komunikatua egongo baita geltoki berriarekin eta Atallu aldearekin. Izan ere, orain arteko trenbideko pasabidea ezabatu eta N634 errepide gaineko zubi berria Atalluraino luzatuko dute. Zubi horretara herri erdigunetik, San Esteban kaletik behera heldu ahalko gara orain arte bezala.

Kale honen lehen urbanizazio lanak gauzatuak daude, baina zubi horretatik gertuen dagoen eremua egokitu eta urbanizatzea geratzen da. "Udala eta ETS elkarlanean ari dira, elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk".