Txoko berria du Sutegi udal liburutegiak

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 11a, 11:09

Erabilera anitzeko gela egokitu du Sutegi udal liburutegiak; ikasteko nahiz ekintza hainbat egiteko baliatu asmo dutena aurrerantzean.

Gune egokitu berri bat du Sutegi udal liburutegiak; goiko solairuan hain zuzen, erabilera anitzeko gela deitu diotena. Izenak dioen moduan, erabilera desberdinetarako baliatu asmo dute gune hau. Erabiltzaileek ikasteko, lanak egiteko baliatu ahalko dute, baina aurrez, liburuzainekin kontsultatu beharko da.

Horrez gain, Sutegi udal liburutegiak urtean zehar bideratzen dituen hamaika ekimenetarako ere baliatu asmo du txoko egokitu hau. Aurrerantzean, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak... ez beti (tarteka orain arteko liburutegiko ohiko guneetan egingo baitituzte) baina nagusiki gune horretan antolatuko dituzte, haur txikienei zuzendurikoak izan ezik. Horiek, besteak beste, haurtxoentzako ipuin kontaketa saioak esaterako, orain arte bezalaxe, leku berean egingo dituzte.

Gune egokitu horrekin, udal liburutegitik antolaturiko ekintzak eta eremu horren eguneroko martxaren arteko bizikidetza orekatua sustatu nahi dute.

Udako ordutegian
Gogoan izan, ekainaren 24tik 30era itxi zuten Sutegi udal liburutegia eta tarte hori espazio berri hau egokitzeko baliatu zuten liburuzainek. Uztailaren lehenean ireki zuten berriz. Ordutik udako ordutegian ari dira irekitzen; astelehenetik ostiralera, 09:30-14:00 artean (uztaileko astelehenetan, arratsaldez ere, 17:00-19:00 artean zabalik). Irailaren 5era arte izango dute indarrean udako ordutegia.

Irailaren 8an itzuliko dira honenbestez, ohiko ordutegian irekitzera. Adi, udazken honetan, hogei urte beteko ditu udal liburutegia Sutegin kokatu zutenetik. Ohi denez, urtemuga hau ez da oharkabean pasako.

Informazio gehiago: biblioteka@usurbil.eus/ 943 360 693 / Irazu, 14 / 688 625 477 (whatsapp zerbitzua). Irailaren 5era arte.