Zaintzak bizi proiekturik ez haustea, Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzen erronka

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 11a, 19:27

Zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitzea bermatuko duten Egurtzegiko bizitza osorako etxebizitzak ezagutzeko aukera izan da, bisita gidatu baten bidez.

Zaintza beharra izanez gero ere, bizi proiektuetan hausturarik ez eragitea ez zaintza behar duenarengan, ezta haren zaintzaz arduratzen direnengan ere (izan zaintzaile afektiboa edota profesionala). Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegin zaindua izan behar duenarentzat, nahiz haren zaintzailearentzat elkarrekin bizitzen segitzeko aukera eskainiko zaie, horretarako egokitu dituen "bizi osorako" deituriko sei etxebizitzetan.

Matiaren jabetzakoak dira sei etxebizitzok baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokairuan hartu ditu Usurbilgo herritarrentzat, biek (Matiak eta Udalak) izenpeturiko hitzarmenari esker. Ondorioz, Udalak kudeatuko ditu lau etxebizitza horiek. Kudeaketa horri begira, aitzindaria den araudia sortzeko lanean dihardu. Bertara bizitzera sar daitezkeenen baldintza edota irizpideak zehaztuko dituen ordenantzaren hasierako onarpena bozkatuko du udalbatzak, datorren uztailaren 24ko osoko bilkuran.

Aldez aurretik, nahi duenak ostegun honetan, uztailaren 10ean bizilekuok barrutik ezagutzeko aukera izan du Egurtzegin bertan. Bisita gidatua antolatu zieten Matiak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko hitzorduan. Aurrez, bizileku hauen egitasmo hauei buruzko hainbat zehaztasun eskaini zizkieten bisitariei, batetik, Matiako ordezkari Maider Azurmendik eta Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak.

Bizikidetzan etenik ez
Matiako ordezkariak eskertza helarazi nahi izan zion beste ezer baino lehen Usurbilgo herriari, lankidetzaren bidean eginiko ahaleginagatik. Bizilekuok bestelako alternatiba bat eskainiko diete bere esanetan, egun gizarte honek dituen zaintza beharrei. Izan ere, gogorarazi zuen moduan, gizartea zahartzen ari da, bizi-esperantza handitzen doa eta honenbestez, luzatzen baita pertsona askok beharrezkoa duten zaintza. Epe luzeko zaintza behar dutenen kopurua hazten doa, eta askotarikoak dira egoera horiek.

Orain arte, alternatibetako bat etxean bizitzen segitzea zen, bestela egoitza batera lekuz aldatzea. Askotariko errealitate horri erantzuteko bideraturiko lanketaren emaitza da Azurmendiren esanetan, Egurtzegin eskainiko diren bizi osorako etxebizitza hauek. Aipatu moduan, zaintza behar dutenak eta haien zaintzaz arduratzen direnak bizileku berean bizitzen segitzea ahalbidetuko diete, ordura arteko bizi proiektuetan hausturarik eragin gabe.

Egungo eskaintzaren osagarri
Egitasmoa, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko jorratzen ari den lanketa ildo horretan kokatua dago erabat. Horregatik, eguneroko Egurtzegiko bizimoduan erreferentziazko profesionala izango dute etxebizitza hauetako bizilagunek, ordura arteko gizarte zerbitzuetako langileaz edota anbulategiko profesionalez gain.

Usurbil zaintzaileagoa izateko herri hau eraikitzen doan zaintza ekosistemaren baitako beste baliabide bat gehiago izango du herri honek Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzekin; "beste baliabide publiko bat izango dira, etxebizitza eredu berri bat, egungo eskaintza osatzera datorrena".

"Baliabide publikoa den heinean, arautu beharra" dagoela gogorarazi zuen osteguneko bisita gidatuaren atarian Usurbilgo alkateak. "Etxebizitza eredu berritzailea eta esperimentaziotik landutakoa" izanik, aurrekaririk gabeko ordenantza izango da onartu asmo dutena.

Lanketa horretan dihardu udal gobernu taldeak, Solaberrietak azaldu zuenez. Aipatu moduan, ordenantza bat osatzen ari dira hilaren 24ko udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dutena eta alegaziorik ez bada, jendaurreko epealdia igarota, iraila erdialdera behin betiko onarpena eman asmo diotena. Gerora, izena emateko epealdia zabaldu asmo dute interesdunentzat, zaintza behar dutenentzat eta haien zaintzaileentzat. Izan ere, Solaberrietak gogorarazi moduan, bizileku hauek "begirada bietan" jartzen dute; zainduengan eta zaintzaileengan. Orain arteko haien arteko bizikidetza proiektuei segida eman ahal izatea dute xede nagusi, hausturarik gabe.

Zaintza eta etxebizitza politiken uztartzea
Egitasmo honi zaintzaren ikuspuntu guztietatik heldu nahi diote, baita premiazko etxebizitza beharraren ikuspegitik ere. Honenbestez, bi arloetako politikak uztartuko ditu egitasmo honek.

Osteguneko Egurtzegiko bisita gidatuan Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak gogorarazi moduan, udaberri honetan Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion izenda zezala udalerri hau "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu". Izan ere,  "Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak ezartzen dituen bi baldintzetako bat betetzen du Usurbilgo herriak, hau da: azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana. Zehazki esanda, 2017 eta 2022 artean %19,90 igo da alokairua Usurbilen, hau da, legeak tentsio eremu izendatzeko ezartzen duen %17ko muga (KPIa + ehuneko 3 puntu) baino gehiago".

2025. urte amaierarako eskuratzea aurreikusia dagoen izendapen horri begira, Usurbilgo etxebizitzei buruzko diagnosia eta 2026-28 urte arteko ekintza plana landu du Udalak, besteak beste, Egurtzegiko bisitan nabarmendu moduan, "zaintzaren betaurrekoetatik". Zergatia alkateak berak argitu zuen. "Geure irudiko, zahartzen ari den gizarte honetan, zaintza beharrak areagotzen eta bakardade ez hautatuan bizi diren pertsonen kopuruak gora egiten ari den garaiotan, ezinbestekoa da kolektibo horri zuzendutako etxebizitzak diseinatzea eta bideratzea, zaintza behar duten pertsonei euren bizi-proiektuekin jarraitzea ahalbidetzeko. Era berean, zaintzaile direnen bizi proiektu eta egitekoari era begirada jatzea, beraien egitekoa erraztera eta duintze bidean".