Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak barrutik

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 11a, 18:56

Albiste honi atxikitako irudietan ikus dezakezuen moduan, argitsuak dira, espazio zabalekoak, kanpoaldearekin hartueman zuzena dutenak, baina baita kokatuak dauden eraikin barruko bizimoduarekin ere.

Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzei buruz ari gara. Duela bi urte, inauguratu zuten eremuaren baitan eskainiko den balibide berria duzue, zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak (izan afektiboak edota profesionalak) elkarrekin bizitzea ahalbidetuko duten "bizi osorako etxebizitzak" deiturikoak.

Guztira sei dira, denak Matiaren jabetzakoak baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokatuak ditu Usurbilgo herritarrentzat, Udalak berak eta Matiak izenpeturiko hitzarmenari esker. Udalak kudeatuko ditu lau etxebizitza hauek. Aldaketarik ez bada, udazkenean zehar abiatuko du horien esleipen prozedura, aurrez horietara sartzeko baldintzen araudia onartu ostean.

"Diseinu berezia"
Horri guztiari buruzko xehetasunak ostegun honetan, uztailaren 10ean Egurtzegiko eremu horretara eginiko bisita gidatuan eskaini zituzten Matiak eta Udalak eta, noski, bizilekuok barrutik ezagutzeko aukera izan zuten hitzorduan parte hartu zutenek.

Segidan dituzue etxebizitza hauei buruzko ezaugarri nagusiak, irudietan ikusgai dira baita. "Diseinu berezia" dutela nabarmendu zuten, bertan egongo dena etxean bezala sentiarazi dadin. Izan ere, "diseinua bertan bizi diren pertsonen ongizatea eta autonomia sustatzeko pentsatuta dago".

Horregatik, "irisgarria, mugikortasun libre eta erosoa" ahalbidetzen duten bizilekuak izango dira. "Koloreei eta materialei dagokienez, tonalitateen kontrastea eta bereizketa hartu dira kontuan, ikusmen-arazoak edo dementziaren bat izan dezaketen pertsonen orientazioa errazteko".

Zainketa behar duenaren gela "laguntza-maila desberdinak behar dituen pertsonarentzat pentsatuta dago. Diseinuak kanpoaldeko eta egongelako ikusizko elkarreraginak ahalbidetzen ditu, ohean denbora asko egoten diren pertsonengan pentsatuta". Zaintzaileak beste logela bat izango du.

Interakzio soziala
Terraza, egongela eta sukaldeak osatuko dituzte, elkarren ondoan egongo diren sei bizilekuak. Bizilekuon artean espazio komunak sortuko dira,  "bizilagunen erabilerarako gune irekiak". Horiei esker "interakzio soziala sustatzen da, non pertsonek komunitatean lotura berriak sortzeko aukera duten, espazioa, esperientziak eta kidetasunak partekatu ahal izateko".

Ez da ahaztu behar, zaintzadun etxebizitzak izango dira honako hauek, Egurtzegiko gainerakoak bezalaxe. "Etxebizitza guztietan hainbat zerbitzu osagarri bermatzen dira, hala nola, espazio komunen garbiketa eta mantenua, edota erabiltzaileen beharrei erantzuteko Egurtzegiko erreferentziazko pertsonak".


Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
-Jabea: Matia.
-Kopurua: 6.
-Udalak alokatuak: sei etxebizitzetatik lau Usurbilgo herritarrentzat. Udalak alokairuan emango dizkie herritarrei.
-Etxebizitzon ezaugarriak: bi logela, bat zaintza behar duenarentzat, bestea zaintzailearentzat. Logela bakoitzak komun bana barruan. Horrez gain, sukaldea, egongela eta terraza.
-Hornidura: sukaldea eta komuna hornituak izango dituzte. Gainerakoan, bizikideek hornitu ahalko dute.