Entrenatzaile aldaketa datorren 2025-26 denboraldian lehen nazional mailan jokatuko duen Usurbil Kirol Elkartearen senior mutilen taldean. Orain arte taldea zuzentzen aritutako Xabat Beloki Segurola Zumaiko taldean ariko da postu berean talde hark hautatu ostean. Usurbilgoak entrenatzaile berria izango du baita; Belokiren ordez jardungo den Aitor Santos, Usurbil K.E.-etik berri eman dutenez, "izatez Pasai Antxokoa eta eskubaloiari bizitza osoa eskaini diona". 30 urtetik gorako esperientzia du. "Bere ibilbidean honako klub hauetan aritu da: Munttarpe (6 denboraldi), Donibane (4), Pasaitarra (3) eta Egia (15)".
Ilusioz heldu dio erronka berriari Santosek. Ardura bikoitza izango du, gainera. Izan ere, aipatu senior mutilen entrenatzaile izateaz gain, Usurbil K.E.-ko kirol zuzendaria izango da Julen Nazabalekin batera. "Herriarekin eta klubarekin batera lan egiteko gogoz nago, eskubaloia bultzatzeko eta lehen maila nazionalean jarraitzeko. Eta, ahal bada... baita gehiago ere! Nik Usurbil K.E.", adierazi du kirol taldeen bilgunetik.
Usurbil K.E.-etik kirol zuzendaritzatik nabarmendu dutenez, "bere esperientzia eta jakituria primeran etorriko zaizkigu. Alde batetik, 1. Nazionaleko taldea maila berrian mantentzeko erronka dugu, baina hori baino garrantzitsuagoa, klub gisa dugun egitura egonkortu eta aurrera jauzi bat ematea". Beste klubetan egin duen moduan, ere ziur dira Usurbilgoan ere gauza bera egingo duela.
90. hamarkadan beharrezko titulazioa eskuratuta etenik gabe aritu da Santos prestatzaile lanetan. "1996an monitore titulua lortu zuen, 1997an maila territoriala eta 1999an nazionala. Donibanen zebilela, Egiatik deitu zioten eta han eman zuen bere ibilbideko zatirik handiena: 15 denboraldi (2002-2017). Hasieran 4 talde ziren eta alde egin zuenerako 19 talde eta 125 jokalari zituen klubak", Usurbil K.E.-tik gogorarazi dutenez. Egiarekin izandako hazkundea nabarmendu du baita Santosek berak.
Mailaz maila aritu zen prestakuntza lanetan. "Kadete eta gazte mailak entrenatu ondoren, senior taldearekin lan egin zuen eta hiru igoera fase jokatu zituzten: Tuteran, Leonen eta Vigon. Azken horretan lortu zuten amestutako igoera". Igoera bikoitza Usurbil K.E.-etik aditzera eman dutenez: lehen nazionalerako igoera eta "Egiako senior mutiletako bigarren taldea lehenengo territorialetik bigarren nazionalera igo zen".
Xabat Beloki Segurola, Pulporen 1. nazionaleko taldearen entrenatzailea
2024-25 denboraldi amaieran, lehen nazional mailara igotzea lortu zuen Usurbil K.E.-ren senior mutilen taldeko entrenatzaile Xabat Beloki Segurola Zumaiako Pulpo Kirol Elkarteak fitxatu du. Datorren denboraldian, bertako lehen nazional mailako taldea zuzenduko du usurbildarrak. "Usurbil Kirol Elkartetik zorte ona opa diogu bere ibilbide berrian", adierazi diote eskubaloi taldeen bilgunetik.
Eskubaloi elkartetik oroitarazi dutenez, "26 urte dituen Belokik "ia bizi osoa" darama Usurbil Kirol Elkartean jokatzen edota entrenatzaile lanak burutzen, Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko mailako Aiala Zarautz taldean prestatzaile gisa egindako denboraldi bat salbu. Azken bi denboralditan gizonezkoen 2. nazional mailako Saizar Usurbil KE taldea entrenatu du, eta talde honekin aurten txapeldun geratzea eta 1. nazionalera igotzea lortu du, igoera faseko partida guztiak irabaziz". Horrez gain, zuzendaritza taldeko kide izan zen 2021-2023 artean. "Azken lau denboralditan ere jubenil nesken Euskal Selekzioko hautatzailea izan da beste usurbildar batekin batera: Gizonezkoen Zilarrezko Ohorezko mailan ibili den Amenabar Zarautz taldeko entrenatzailea izan den Mikel Alzagarekin. Hautatzaile gisa, Estatuko selekzioen txapelketan urtero finaletarako sailkatzea lortu dute, eta beraz, 4 denboraldiotan dominarekin itzuli dira, Euskadi mailan hautatzaile bakarrak hori lortzen".