Tren-geltokiko bi nasa berrituak erabilgarri

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 15a, 11:35

Gaurtik zabalik eta erabilgarri da, tren-geltokiko bigarren nasa eraberritua; Orio aldera trenez joatea ahalbidetuko duena.

Lehen trenak heldu dira bertara ere. Usurbil tren-geltokia izatetik hurbilago dago gaur. Astearte honetan, uztailaren 15ean jarri dute erabilgarri tren-geltokiko bigarren nasa berritua. Dagoeneko Donostia aldera trenez joan nahi zutenek nasa berritua balia zezaketen. Azkenaldian lanetan izan dutenez, gune bera erabili beharra zuten Oriorantz ere trenez joateko.

Gaurtik, uztailaren 15etik garai batean bezala, bi nasa izatera igaro da Usurbilgo tren-getokia. Beti bezala, norantz jo nahi duzuen, nasa bat edo beste baliatu beharko duzue. Biak berrituak daude. Adi, ordea; Oriorantz joateko geltoki zahar paretik jo beharko duzue eta trenbidea zeharkatu. Seinaleztatua duzue ingurua, gaur, gainera, langileak ere argibideak ematen aritu dira bidaiariei.

Abuztuan, San Esteban kaleko urbanizazio lanen bigarren fasea
Nasa berrituak erabilgarri dauden artean, geltoki berriko lanetan ari dira, bertara joanda ikusi ahalko duzuen moduan. Etorkizuneko geltoki berria irisgarria izango da, eraikiko duten Etxealdiako zubi berria igogailuen bidez komunikatua egongo baita geltoki berriarekin eta Atallu aldearekin. Izan ere, orain arteko trenbideko pasabidea ezabatu eta N634 errepide gaineko zubi berria Atalluraino luzatuko dute. Zubi horretara herri erdigunetik, San Esteban kaletik behera heldu ahalko gara orain arte bezala.

Kale honen lehen urbanizazio lanak gauzatuak daude, baina zubi horretatik gertuen dagoen eremua egokitu eta urbanizatzea geratzen da. "Udala eta ETS elkarlanean ari dira, elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk".