Amaitzear da azken asteotan jokoan izandako "Plazandreak" txapelketa. Ekainaren 23an abiarazi zuten pilota lehiaketa. Ordutik, astelehenero bi neurketa izan dira; bat banaka lau t´erdi barrukoa eta, bestea, binaka. Denak Euskal Telebistak eskaini ditu. Lau jardunaldi izan dira, laugarrena, astelehen gau honetan eskaini dute.
Bosgarrena eta azkena, hilaren 21erako dago iragarria; "Plazandreak" txapelketaren finala izango da. Orain arteko gainerako partiden antzera, Bilboko Esperantza frontoian jokatuko den final horren atarian geratu da, lehiaketako parte hartzaile izan den herrikide Miriam Arrillaga Beloki.
Bi jardunaldi jokatu ditu, biak ala biak banaka, ekainaren 23an lehen aldiz. Gutxigatik (16-18) aurre hartu zion Amaia Aldaik. Bart jokatu du lehiaketako bigarren neurketa. Itxaso Erasunekin lehiatu da Arrillaga. Erasun nagusitu zitzaion 18-11. Honenbestez, Miriamek ezingo du jokatu astebete barruko "Plazandreak" txapelketako finala.
Azken norgehiagoka hauetan parte hartuko dute honako lehiakideek:
-Binaka: Aizane Ibarrola-Enara Gaminde - Goiuri Zabaleta-Nora Mendizabal.
-Banaka: Itxaso Erasun-Amaia Aldai.
Orain arteko jardunaldi guztiak bezalaxe, finala bera Euskal Telebistak eskainiko du gaueko 22:20 aldera.