Agintaldi hau hasi berritan osaturiko Legealdi Planean 120 egitasmo berri bideratzea proposatu zuen udal gobernu taldeak, une hartan azaldu zuten moduan, "herri gisa finkatu ditugun misioei erantzuteko eta bide batez, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko". Haietatik jada 74 gauzatuak edo abian daudela berri eman du udal gobernu taldeak, Legealdiko Planeko proiektuen %62a hain zuzen. 2027ra bitarte, beste 28 bideratu asmo dituzte (%23a) eta "arrazoi ezberdinak tarteko, ia seguru egingo ez direnak 15 neurri izango dira".
Plangintza horretatik kanpo, bestalde, 34 egitasmo gehiago landu edo martxan jarri dituzte. Datuon harira, udal gobernu taldetik nabarmendu dutenez, "bi urte hauek zinez emankorrak izan dira".
Zaintza eredua eraldatzen
Aipaturiko egitasmo horien artean, badira batzuk aurreko legealdian lantzen hasitakoak eta agintaldi honetan gauzatu dituztenak: Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, Kalezarko Pelaioenea (bertan da Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamendua) edota handik hurbil, irisgarritasuna nabarmen hobetu duen Egurtzegi pareko igogailua eta autobus geltoki berria.
Bestalde, Usurbilgo herri nortasun, balore eta proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko 650 Usurbil Bizi proiektua NOAUA! K.E. dinamizatzen hasi zenetik 2023an egindako 59 bisitek 479 bisitari erakarri zituzten; iazko 60 bisitek 700 bisitari. Tarte horretan, gainera, Zumetaren frontoi atzealdeko muralak betetako 50 urteen harira antolaturiko eskaintza zabala nabarmendu dute udal gobernu taldetik, Usoa Zumetarekin eta Kulturgunearekin lankidetzan.
Zaintza da eskuartean duten beste herri erronka, udal gobernu taldearen esanetan Usurbil herri aitzindarian bilakarazi duena alor horretan ere. Bestelako zaintza ekosistema bat eraikitzeko bidean, etxez etxeko zerbitzu eraldatuaren lanketa edota Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak aipatu dituzte. Usurbil harrera herri bilakatzeko bidean, aldiz, HarEman proiektua edota aholkularitza juridikoa.
Udal zerbitzuko hobekuntzak
Udala herriarengana gerturatu eta eskainitako zerbitzua hobetzeko ere hainbat egitasmo abiarazi dituzte. Batetik, teilatua konpontzen hastera doaz, udal espazioa berrantolatuko dute, udal artxiboa digitalizatu... Udal lantaldeari dagokionean, 25 lanpostu egonkortuta "nabarmen murriztu da langileen interinitate tasa".
Horrez gain, gobernantza eredua osatzen ari dira herri eragileekin lankidetzan. Hezkuntza gaiei dagokienean, batetik, hasieran urte garai zehatzetan irekitako DYAren egoitzako ikasgela urte osoan zabaltzera igaro dira. Etorkizuna definitu dute beste bi egitasmorentzat; udal haur eskola partzuergora igaroko da "Eusko Jaurlaritzaren finantziazio etenaren ondorioz".
Datorren ikasturtean, eraikina berritzen hasi asmo dute. Arrobitxulo anbulatorio ondoko zelaian kokatuko den elkargunea definitzeko aurrez eginiko parte hartze prozesuaren harira, "aurreproiektua oinarri hartuta, exekuzio proiektua idazteko lizitazioa egin berri dugu. Rehabite arkitekturak irabazi du. Dena ondo bidean, beraz, urte amaieran eskuan izango dugu exekuzio proiektua. Horrekin, urte hasieran obrak lizitatu ahalko ditugu".
Trantsizio ekosoziala
Ildo horretan, energia berriztagarrien arloan eginiko lanketa nabarmendu dute. Alor horretan sortutako Sortalde komunitatea sortzen lagundu, haren bazkide laguntzailea izan eta harekin izenpetutako hitzarmenaren baitan, "Agerialdeko teilatua laga diogu Sortalderi, bertan eguzki plakak jarri ditzan". Efizientzia energetikoaren baitan, Usurbilek dituen 2.255 argi puntu ingurutik %60an LED teknologia ezarri dute. 2025-26an %95era handitu asmo dute ehuneko hori eta horrekin, hurrengo bi urteotan, 193.000 eurotik 100.000 euro ingurura murriztuko da gastua, gobernu taldearen esanetan. Erronka horri lotutako azken proiektu bat ere nabarmendu dute udal gobernu taldetik. Uraren kudeaketan burujabe izateko bidean, filtrazio sisteman eginiko 900.000 euroko inbertsioari esker, %40tik %64ra handitu da Andatzatik datorren ur horren hornidura maila herrian; "4.400 biztanle ingururengana heltzen da gaur egun".
Auzoak
Auzo bizigarriak helburu, "Aginagan Elutx bidea egin, erdiguneko haur parkea berritu, eta Eliza Zaharreko konponketak bideratzen ari gara". Aginaga biziberritzeko proiektu integralari ere heldu diote eta "emaitzak epe motzean ikusi ahal izango ditugu".
Etxealdian irisgarritasun plana gauzatzen ari dira. "Momentuz, San Esteban kalea oinezkotu eta igogailuko obrak hasita daude eta martxa onean doaz". Santuenean, auzo planean jasotako hainbat jarduera abiarazi dituzte; tartean, auzo elkartearentzat frontoi ondoko lokal komunitarioa berritu dute. Kalezarren, "plaza oinezkotzeko bidean urratsak ematen ari gara eta ibilgailuen joan etorria arautu da". Zubietan, Barazar ondoan egoteko espazio publikoa sortu dute.
Tentsio handiko eremua
Hauez gain, azkenaldian hizpide izandako hainbat egitasmo ere ekarri dituzte gogora; Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eginiko eskaera eta horretarako, herriko etxebizitzei buruz eginiko diagnosia eta hiru urterako plangintza. Tramitazio epean, jendaurrean dago eskaera. Tramitazio horren azken txanpan HAPOa da, bestalde, behin betiko onartzear. Horrez gain, indar-keria matxistari lotuta, biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko tokiko bigarren protokoloa eta jaien eremukoa eguneratu dute askotariko eragileekin lankidetzan. Kirolen alorrean, Mugiment proiektuari esker EAEko kiroldegietan sar daitezke usurbildarrak, Kirolari Txartela ere abiarazi dute eta "aurten, skate parka handitzeko obrak lizitatuko ditugu". Legealdi Planetik kanpo, "irisgarritasun unibertsalerako plana osatzeko prozesua, kale egoeran bizi direnen oinarrizko beharrak asetzeko protokoloaren osaketa eta martxan jartzea edota hilabetean behin, Udalaren jardunaren berri ematen duten kudeaketa txostenak esate baterako".
Legealdiko lehen bi urteetako balantzea eta neurrien betetze mailaren berri emango duen aldizkaria banatuko du Udalak etxez etxe uda ostean.