Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik eragiten diharduen iñurritegiak Usurbilekin duen hartuemana sendotzen segiko du. Bost urte bete zituen iaz Iñurri Elkarteak. Ordura arte jorraturiko bidea goraipatzeko lehen Iñurri Eguna antolatu zuten Usurbilen. Tailerrak, heriotza edota doluari nahiz zoru pelbikoari edota sexualitateari buruzko solasaldiak, bazkaria, bakarrizketa saioa, kontzertuak... egunpasa arrakastatsua izan zuten.
Hitzordu haren beultan iragarri zuten elkarteak Usurbilen zabaldu asmo zuela egoitza aurten. Esan eta egin. Egokitze lanak amaitu ostean, martxoan ireki eta maiatzaren 9an inauguratu zuten ofizialki, Kale Nagusia 10ean, Askatasuna plaza ondoan, garai bateko Pauma arropa denda izandako lokalean. Iñurri elkarteko kideetako batek ondutako "(Min)bizi" liburua aurkeztu, diseinaturiko arroparekin desfilatu, arropa bera eskuratu edota kontzertu arratsaldez gozatzeko aukera izan zen. Iñurriko kide bat lanean egongo den egoitza honetan, "helburua da, espazio multidiziplinar bat izatea. Yoga onkologikoa, formakuntza, hitzaldiak... eskaini nahi ditugu. Batez ere, harrera hori eskaintzeko espazio bat izatea nahi dugu".
Ibilbide oparo honetan helduko da 2. Iñurri Eguna. Iaz eginiko jaialdiaren bigarren edizioa antolatzea erabaki du aipatu elkarteak Usurbilen bertan. Data ere jarri diote dagoeneko; irailaren 13an izango da. Aurrerago eskainiko dituzte xehetasun gehiago. Bitartean, iñurritegiari buruzko informazio gehiago izaninurri.eus atarian jaso ahalko duzue.