"Arazoa zaharra da, baina aldaketak izan dira"

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 16a, 10:53

Kezkatzeko moduko datu berri gehiago plazaratu ditu Anerreka ingurumen elkarteak, Osinalde industrialdean kokaturiko Ucin lantegiari buruz. Eusko Jaurlaritzak dituen etengabeko neurketei buruzko datuak partekatu ditu berriki, Potxoenean eginiko herri bileran.

Batetik, herritarrek aipatu lantegiak isuritako ke beltza argi ikus daitekeen grabatutako irudiak  daude, bestetik, Anerrekak berak Eusko Jaurlaritzatik eskuratu ahal izan duen informazio ofiziala. Orain arte bildutakoa, gaiak urteotan emandakoa eta aurrera begira egin daitekeenaz aritzeko berriki herri bilera deitu zuen ingurumen elkarteak Potxoenean. Izan ere, gogorarazi zutenez, "arazoa zaharra da, baina aldaketak izan dira". Horien berri eman zuten.

Anerrekak bildu ahal izan dituen datuen arabera, 2024an 17 egunetan gainditu zuen aipatu lantegiak baimendutako muga; maiatzaren 15ean, baimendutako muga hori baino 17 aldiz handiagoa izan zen isuritakoa, abuztu bukaeran zazpi aldiz handiagoa eta abendu hasieran 12 aldiz handiagoa.

Anerrekak berri eman zuenez, 2023an hamar egunez gainditu zuen baimendutako muga, "baina soilik bi aitortu zituzten". Urte hartako abuztu amaieran, onartutakoa baino 25 aldiz handiagoa izan zen isuritakoa.

Isuna
Datu horiek jaso ahal izan ditu Anerrekak Eusko Jaurlaritzatik, 2016an Europar Batasunak eta 2020an Eusko Jaurlaritzak agindu ostean, etengabeko neurketak egiten hasi zelako lantegia. 2022ko urtarrilekoak dira antza, ingurumen elkartearen arabera, neurketa horien lehen erregistroak.

Neurtutako datu horiek, lantegi horren teilatuan iragazketa sistema duen tximiniari lotutako neurketak dira, ingurumen elkartetik nabarmendu zutenez. Baina bigarren tximinia bat du, azaldu zutenez eta bertatik isuritakoa iragazi gabe aireratzen da. Horregatik ziotenez, aipatu sistema duen tximinian eginiko neurketetan aipatu emaitzak erregistratu badira, "pentsa zer ariko den gertatzen, iragazketa sistema ez duen tximinian".

Tarte horretan izan diren bi gertakari ere gogora ekarri zituen Anerrekak Potxoeneko bileran. Batetik, gai hauetan Eusko Jaurlaritzaren eskumena indartzen zuen lege berriaren onarpena 2021ean eta horri lotuta, bi urte geroago, Anerrekatik azaldu zutenez, aipatu lantegiak Jaurlaritzari eginiko eskabidea, "txatarra gehiago galdatzeko". Baimena hilabete gutxira eman ostean, 2024ko martxoan, "Eusko Jaurlaritzak isuna jarri zion baimendutakoa baino gehiago galdatzeagatik".

Iragazketa sistema eskakizun Anerrekak eginiko salaketek eragina izan dutela azaldu zuten. Elkartearen esanetan, "Eusko Jaurlaritzak onartu du arazo nagusia iragazi gabeko isurketak direla". Horretarako sistema falta dute. Egungo egoera alda daiteke laster. Lantegiaren isuriak etengabe neurtzen hasi ostean, 2022an, "Eusko Jaurlaritzari baimena eskatzen dio labe itxian xurgatze eta iragazketa sistema berria ezartzeko". Asteotan jartzea espero dutela eman zuen aditzera Anerrekak. Horixe da nahi dutena, oraindik halakorik ez duen teilatuko tximinian "instalakuntza duin bat jartzea", behingoz urte luzeetako arazoa konpontzeko.

Adi egoteko deia egin zuten halere. Irailetik aurrera, egoera zein izan daitekeen aztertzekotan geratu ziren. Bitarte horretan, orain arte Osinalde industrialdeko lantegi horrekin gertatzen ari dena azaleratzen lagundutako herritarren zaintza-sare horri eusteko deia egin zuten Potxoeneko bileran. Bereziki irailetik aurrera irudiak bildu eta informazioa zabaltzen laguntzeko gonbita egin zuten. Erakutsi zituzten irudien antzeko egoerak errepikatzen badira, ahalik eta lasterren
partekatzeko deia egin zuten.