Oiardo kiroldegiko ikastaroen prezio eguneratuak behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 16a, 09:12

Maiatzaren 8an udalbatzak eginiko osoko bilkuran hasieraz onartutako kiroldegiko ikastaroen prezioen eguneratzea behin betiko onartutzat jo du Udalak.

Urte amaieran onartu zituen Udalak 2025. urterako ordenantza fiskalak. KPI-aren abuztuko %2,6ko igoera orokorra aplikatzea hobetsi zuten, salbuespen berriekin. Besteak beste, hondakinen tasak %15 igo edota etxe hutsei %150eko errekargua aplikatu edota Kirolari Txartela sortzea onartu zuten.

Gerora, maiatzaren 8an eginiko ezohiko osoko bilkuran ordenantza fiskal horietan hiru aldaketa txertatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, hirurak kirol zerbitzuei lotutakoak.

Horien artean, Oiardo kiroldegiko ikastaroen prezioak eguneratzea onartu zuten, legealdi honetan eskualdeak progresiboki igotzeko konpromisoa hartu ostean. Bigarrenik, kiroldegiko bertako sarrera eta zerbitzuen prezioetan zegoen akatsa zuzentzea ere onartu zuten bidez batez. Azkenik, eskaera ugaritzen doala ikusita, Udalak beharrezkotzat ikusi zuen igerilekuko kaleak alokatzea arautu eta horri prezioa ezartzea.

Hasieraz eta aho batez onartutako neurri hauek guztiak jendaurrean izan ziren alegazioetarako 30 lanegunez, maiatzaren 23az geroztik zenbatzen hasita, bezperako, hilaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Usurbilgo Udalak jakinarazi zuen moduan.

Epealdi horretan erreklamaziorik inork egin ez zuenez, behin betiko onartutzat jo ditu Usurbilgo Udalak "8. ordenantzan eginiko aldaketak", zehazkiago esanda, kiroldegiko ikastaroen prezioen eguneratzeari lotutakoak. Hala berri eman du Udalak, asteazken honetako, uztailaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.