Usurbil K.E.-tik Euskal Selekziora

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 16a, 08:14

Irudiak: Usurbil K.E.

Euskal selekzioaren udako kontzentrazioan parte hartu du Usurbil Kirol Elkarteko jokalari Araitz Mendiluzek.

 
Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, Araitz Mendiluzek Euskadiko selekzioarekin udako kontzentrazioan parte hartu du azken astebetean, uztailaren 9tik 15era. Mungian (Bizkaia) egin da hitzordua. 2025-26 denboraldian, kadete gisa lehiatuko den gaztearen
"talentua eta konpromisoa berriz ere sarituak izan dira Euskal Selekzioaren deialdiarekin".

Halere, eskubaloi taldeen bilgunetik aditzera eman dutenez, "ez da lehen aldia Araitz selekzioarekin aritzen dena. Aurreko denboraldian, Blanesen (Katalunia) jokatutako Espainiako Txapelketan parte hartu zuen, Euskadiren ordezkari gisa, infantilen bigarren urtean".

Taldeko entrenatzaile Xabier Ikutzak modu honetan deskribatzen du Mendiluze. "Araitz jokalari polibalentea da, jaurtiketa bikaina du eta defentsan asko ematen dio taldeari, lan handia egiten du. Taldearen oinarrietako bat da eta etorkizun oparoa du".

Babes eta animu mezua helarazi nahi izan dio Usurbil K.E.-k aipatu kontzentrazioan parte hartutako jokalariari. "Ziur gaude esperientzia honek asko erakutsiko diola, eta ikasitakoa gure klubean aplikatuko duela, bere taldearen eta klub osoaren hazkundea bultzatuz. Zorionak Araitz! Segi lanean gogoz eta ilusioz!".

Aurrera begira, "etorkizun oso interesgarria du" Mendiluzek Usurbil K.E.-ren esanetan.  "Maila altuko jokalari asko dituen taldea da, maila tekniko eta zein fisikoan une onean dagoena, eta entrenamenduetan erakusten duten jarrera ere bikaina da. Jokalari bakoitzak badaki zein den bere rola eta ondo baino hobeto betetzen dute. Taldeko giroa ere zoragarria da. Nire ustez, denboraldi honetan urrun iristeko aukera handiak dituzte. Talde honek ilusioa pizten du, animo neskak!", adierazi die Usurbil K.E.-ko kirol zuzendari Julen Nazabalek.