Adi, Kale Nagusitik igaro asmo duzuenoi. Ibilgailuen joan etorria moztuta izango da gaur, uztailaren 17an. Etorkizunean, Etxealdia eta herri erdigunearen arteko mugikortasuna irisgarriagoa bilakatuko duen igogailua eraikitzen ari dira. Lanok eragingo dute aipatu kaleko trafikoaren etenaldia bi egunez; gaur, uztailaren 17an eta baita hilaren 29an ere.
Aipatu bi egun horietan, Kale Nagusia itxita egongo da ibilgailuen joan etorrietarako 8:00etatik 18:00etara Etxealdiko igogailuko pasarela jarri ahal izateko. Hasteko, ostegun honetan, uztailaren 17an, pasarela ekarriko dute eta aurreikusitakoa baina lehenago bukatzen badute Kale Nagusia lehenago irekiko dute.
Hilaren 29an, bestalde, pasarela jarri behar dute, eta horretarako garabia erabiliko dute. Horrek, Kale Nagusian dauden aparkalekuetan garabia egotea ekarriko du, eta, beraz, egun horretan aparkalekuak libre utzi beharko dira.
Geltoki aldaketa
Kale Nagusiko trafiko mozketak garraio publikoaren zerbitzuari ere eragingo dio, eta autobus geltokia aldatu egingo da egun horietan. Donostia-Zumaia autobus zerbitzuaren (UK09) geltokia San Inazio beheko biribilgunean izango da; Hernaniko zerbitzuarena, aldiz, (BU10) Laurok dendaren zuzengunean.