Auzi hori ez da gaurko kontua. Albiste honi atxikitako irudian duzue, duela bi urte, 2023ko uztailean hain zuzen, UEMA-k deituta frontoian eginiko udal ordezkarien eta herritarren agerraldi jendetsua. Orduko hartan, VOX-ek tartekaturiko helegitearen harira Espainiako Konstituzio Auzitegiak Eusko Legebiltzarrak onarturiko 2016ko Udal Legea garatzen zuen 179/2019 Dekretuko 6.2 artikulua baliogabetu zuen.
Aipatu moduan, handik egun gutxira, UEMA-k deitutako agerraldi bat egin zuten Usurbilgo frontoian udalerri euskaldunetako 125 alkate udal hautetsiek hainbatek herritarrekin batera epai hura salatzeko. Azaroaren 4an, auzitegien jarrera salatu zuten milaka herrikideek Bilbon. Bezperatan, mobilizazio hura babesteko herri argazki jendetsua atera zuten usurbildarrek frontoi atzean.
"2023ko urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak, PP alderdi politikoaren helegite baten harira, udalek barne dokumentazioa euskara hutsean egitea ahalbidetzen zuen 18. artikuluko hainbat atal baliogabetu zituen, baita herritarrentzako jakinarazpen eta iragarkietan udalek euskara soilik erabiltzea jasotzen zuen 33.5 artikulua ere".
Eusko Jaurlaritzak epai haren aurkako kasazio-helegitea aurkeztu zuen. PPk hala eskatuta, aipatu Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen helegitea tramitera onartu ere egin, "Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek epez kanpo aurkeztu zutela iritzita, eta, ondorioz, erabakia irmoa da", aipatu auzitegiak iragan apirilean jakinarazi zuenez.
Epaia berretsia
Horrekin batera, tankera honetako epai gehiago iritsi zitezkeela ohartarazi duen une horretan Kontseiluak; beste bat gutxienez bai. "Hain zuzen, VOX alderdiak dekretu berari jarritako helegitearen ingurukoa. Kasu honetan, hamar puntu izan ziren 179/2019 Dekretuari EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zizkionak. Besteak beste, langile publikoek lehen hitza euskaraz egitea, zerbitzuen kontratazio publikorako hainbat eduki aurrerakoi edota euskara administrazioaren zerbitzu eta lan hizkuntza gisara jasotzen zituztenak. Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago auzia eta, oraindik ebatzi ez bada ere, aurrekoen bidetik erabaki atzerakoia izango dela aurreikusten baita".
Aurreikuspenak bete dira. Azken orduotan "Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi" duela salatu du Kontseiluak.
Eta horren ondorioak ere gogora ekarri ditu. Izan ere, "azken urteetan, administrazio publikoan euskararen normalizazioa eta biziberritzea bultzatzeko neurrien aurkako eskuhartze judizial ugari salatu ditu euskalgintzak eta euskal gizarteak".
Azken orduotako epaiarekin ere, "argi ikus daiteke euskararen minorizazioa betikotzea helburu duen oldarraldi judizial eta politikoa, Auzitegiak VOXen premisa ia guztiak bere egin baititu. Baina, euskararen normalizazioaren kontra ez ezik, euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia da. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutako araudia eta Eusko Jaurlaritzak garatutakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzea erabaki duena". Are gehiago, Kontseilutik gaineratu dutenez, "Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du".
Oldarraldiaren aurka agertzeko deia
Hori guztia, gogora ekarri duen moduan, "euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistiko egoeran" dauden honetan, eta "normalizazio prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan".
Testuinguru honetan, Kontseiluak "oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka" agertzea galdegin die erakunde, agintari, eragile politiko eta sozialei, herritarrekin batera. "Bakoitzak dagokion lekutik bultza dezala euskararen normalizazio prozesua. Horixe baita justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko bidea".