Etenik ez duen euskararen aurkako oldarraldia plazan salatzeko deialdia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), azken orduotan, Espainiako Auzitegi Gorenak udaletan euskara lehenestea eragozten duen epaia berretsi ostean.
UEMA-ko zuzendaritza batzordeko kideek ostegun honetan Zarautzen eginiko agerraldian epaia larritzat jo eta "udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez" elkarretaratzeak deitu ditu udaletxe atarietan larunbat eguerdi honetan, uztailaren 19an, 12:00etan. Udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrak epai hau salatu eta "euskaldunon eskubideen alde egitera kalera" irteteko deia egin dute aipatu mankomunitatetik.
"UEMA osatzen dugun 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula gogoratu nahi dugu, eta euskaraz jarraituko dugula adierazi. Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero", adierazi dute UEMA-tik.
Usurbilek deialdiarekin bat
UEMA-ko kide da, besteak beste, Usurbilgo udalerria. Udalak sare sozialen bidez, bat egin du deialdiarekin. "Espainiako Auzitegi Gorenak euskararen aurka ebatzitako sententzia salatzeko, Usurbilgo Udalak elkarretaratzera deitu du, larunbatean, UEMAko kide gisa".
Albiste honi atxikitako kartelean duzuen moduan, "Euskararekin bat. Justizia, lege-babesa eta arnasa euskararentzat" aldarripean egingo dira mobilizazio hauek.
Deitzaileek plazaraturiko ondoko adierazpenean dituzue deialdi hau egiteko nondik norakoei buruzko xehetasunak. "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian".
Espainiako Auzitegi Gorenak euskararen aurka ebatzitako sententzia salatzeko, Usurbilgo Udalak elkarretaratzera deitu du, larunbatean, UEMAko kideen gisan, "Justizia, lege-babesa, eta arnasa euskararentzat" lelopean.
— Usurbilgo Udala (@usurbiludala) July 17, 2025
Uztailak 19 · 12:00 · udaletxeko plazan pic.twitter.com/F4c1yzw2xO
EUSKARAK JUSTIZIA BEHAR DU
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen adierazpena, 2025-07-17
Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian.
Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.
Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunitatea. Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea.
Horregatik, udalerri euskaldunentzat mugarria izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Ezagutu berri dugun epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela “neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”.
Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die.
Ia UEMA sortu zenetik aritu da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz. Ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak.
Horregatik, UEMA osatzen dugun 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula gogoratu nahi dugu, eta euskaraz jarraituko dugula adierazi. Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero.
Era berean, UEMAko kide diren 118 udalei dei egiten diegu, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, Euskararekin bat lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez, larunbat honetan, uztailaren 19an, 12:00etan. Deialdi horiekin bat egitera deitzen ditugu euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere.
Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari.