EAJ-PNVren udal taldeak mozio bat aurkeztu du "gobernu onaren, gardentasunaren eta informazio publikoaren eskubidearen alde". Era honetan, "udal gobernuak azkenaldian erakutsi duen kudeaketa opakua eta informazio-tratamendu okerra" salatu eta "herritarren zein oposizioko udal taldeek informazio osatua, egiazkoa eta eskuragarriaria jasotzeko duten eskubidea" aldarrikatu nahi du.
Xabier Otxoa bozeramaile jeltzalearen esanetan, "demokrazia osasuntsua ezin da ulertu gardentasunaren eta kontuak ematearen oinarriak sendoak ez badira. Tamalez, Usurbilen ohikoak dira alde bakarreko erabakiak eta oposizioarekiko komunikazio instituzionalaren falta. Hain zuzen ere, komunikabideen bidez ezagutzera ematen den informazio garrantzitsua aurrez udal ordezkariekin ez partekatzea, eta kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez izatea".
Xabier Otxoa, EAJ-PNV: "Egoera honek udal oposizioari dagokion kontrol eta proposamen lana egiteko aukera kentzen dio, baldintza berdinetan aritzeko aukerarik gabe”
Usurbilgo EAJ-PNVren esanetan, "udal gobernuak sarri askotan komunikabideen bitartez jakinarazten ditu herritarrentzat erabakigarriak diren neurriak, aurretik dagokien batzorde informatiboetan partekatu edo adostu gabe. Egoera horrek udal oposizioari dagokion kontrol eta proposamen lana egiteko aukera kentzen dio, baldintza berdinetan aritzeko aukerarik gabe”.
Hori horrela, jeltzaleek herri administrazio moderno baten funtsezko oinarriak aldarrikatu dituzte: gardentasuna, parte-hartze publikoa eta integritate instituzionala. "Usurbilek ez du zertan atzean geratu. Gipuzkoak badu oinarri juridiko eta politiko sendoa praktika demokratiko eredugarria garatzeko, eta Usurbilgo Udalak neurriak hartu behar ditu norabide horretan".
Hiru eskaera
Aurkeztutako mozioaren bidez, EAJ-PNVk eskakizun hauek zuzendu dizkio EH Bilduk gidatzen duen udal gobernuari:
-
Informazio publikoa modu eraginkorrean eta gardentasunez partekatzeko konpromisoa hartzea.
-
Erabakiak hartu aurretik ordezkari politikoekin lanketa eta komunikazio instituzional egokia bermatzea.
-
Kontuak emateko mekanismoak ezartzea, oposizioak bere lana baldintza egokietan garatu ahal izateko.
“Normaltasun demokratikoan, gardentasuna ez da aukera"
Xabier Otxoa Usurbilgo EAJ-PNVko bozeramailearen hitzetan, “normaltasun demokratikoan, gardentasuna ez da aukera; derrigorrezko betekizuna da erakunde publikoentzat eta haien buruentzat. Eta horretan tinko jardungo dugu, usurbildarren konfiantza eta partaidetza aktiboa berreskuratzeko helburuarekin."