2025-26

Kalezarko eraikina birgaitu artean, haur eskola Agerialden

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 10:56

Kalezarko eraikina birgaitu ahal izateko Agerialdera lekuz aldatuko dute haur eskola behin-behinean, datorren 2025-26 ikasturtean.

Espazio berritua izan aurretik, alternatiboa izango du Usurbilgo haur eskolak. Izan ere, Usurbilgo Udalak iragarria duen moduan, zerbitzu honen Kalezarko egoitza eraberritzera doa. Birgaitze lan hauek bideratzeko, ordea, haur eskola lekuz aldatu beharra dute eta lan horiek amaitu artean, Agerialden kokatuko dute datorren 2025-26 ikasturtean. Horregatik, Udaletik bertatik berri eman duten moduan, "haur eskolako zerbitzua Agerialden eskainiko da datorren ikasturtean, behin-behinean".

Honenbestez, ikasturte berriarekin batera, ohi baino joan-etorri gehiago izango dira eremu horretan; haur eskolatik hasi eta DBHraino, HH eta LH-koak barne hartuko ditu Udarregi ikastolaren Agerialdeko eraikinak zein alboan duen eraikin gorriak.

Berritze osoa
Haur eskolaren leku aldaketa hau gauzatzeko "udaberriaz geroztik ari da udal-brigada Agerialdeko espazioa egokitzen, Kalezarko eraikina birgaitu ahal izateko beharrezkoa baitzen zerbitzua handik ateratzea". Uztailaren 9an, behin-behineko espazio hau barrutik nola dagoen ikusteko aukera izan zuten erabiltzaileek ate irekien saioan, "obrak amaitu gabe egonik ere". 100.000 euro inguru bideratu ditu Udalak egokitzapen lan horietara. "Ikastolak zati bat bere gain hartu du, 2-3 urtekoen gelagatik. Kalezarko proiektua egokitutakoan jakingo da zenbat diru bideratu beharko den", Udaletik azaldu dutenez.

Artean, Kalezarko eraikineko eraberritze lanak udazkenean abiarazi asmo ditu Udalak. "Udalak Kalezarko eraikina osorik berritzeko proiektua esku artean eta milioi bat euroko aurrekontua zituen. Proiektu hori egokitzen ari da orain, eta udazkenean obrak hasi ahal izatea aurreikusten du".

Aldaketa gehiago
Eusko Jaurlaritzak doakotasun unibertsala ezarri zuen haur eskoletan, Usurbilgo eta beste dozena bat udal haur eskolen finantzaketa eten du azken urtebetean. Ondorioz, "proiektua bera eta bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarriz. Aukera guztiak jarri dira mahai gainean, udalak zein ikastolak 0-3 zikloa osorik euren gain hartzea barne, baina batak zein besteak ezinezkotzat jo zuten. Hala, 0-2 zikloa Haurreskolak Partzuergoarekin eta 2-3 ikastolarekin eskaini beste aukerarik ez da izan".

Espazioari dagokionean, Agerialdera lekuz aldatzen denean haur eskola zerbitzua, "0-2 zikloaren kasuan, urtebeterako izango da, Kalezarrera itzuliko baita; 2-3ren kasuan, ikastolak Agerialden eskainiko du aurrerantzean".